Presoen sakabanaketaren aurkako Etxeraten lanketa Goierrira iritsi da, eta Zaldibian jaialdia egingo dute etzi
Euskal presoen kasurako Espainiako Gobernuak jarrita daukan espetxe politika bereziak eta sakabanaketak «inoiz baino indar gehiagorekin» jarraitzen dutela ohartarazi du Goierriko Etxerat elkarteak. Horrekin, presoen eta haien familiartekoen eskubideak urratzen direla gogorarazi dute, eta gabezia «areagotu» egin da. Euskal Herriaren gaur egungo egoeran, gainera, euskal presoak «xantaia politikoa» egiteko erabiltzen dituztela azaldu du senideen elkarteak, «eta ondorioz gu, senideok ere bai».
Egoera aurkezteko, eta eskubide urraketen gaian aurrerapausoak egin ahal izateko, Etxeratek lanketa bat abian jarrita dauka, arazoa gizarteratzeko. Maiatzaren 10ean hasi zuen Euskal Herri mailako ekimena, eta asteburu honetan Goierrira iritsiko da. Zaldibian festa giroko jardunaldi bat antolatu dute, iganderako: Pilotakadaz pilotakada, sakabanaketaren aurka Goierrin.
Hain zuzen, Goierri mailako ekitaldia izango da, igandean 12:00etan hasita. Pilota partidak jokatuko dituzte zaldibiar eta segurar pilotariek. Tartean ariko da Juan Mari Olano, AAMren bozemaile ohia eta espetxe zigorra beteta maiatzaren 2an kartzelatik irten zena.
Herri bazkari batek borobilbuko du egitaraua, Zaldibiako plazan. Txartelak Goierriko herri guztietan jarri dituzte salgai. Gonbidapena goierritar guztiei helarazi die Etxeratek, Zaldibian bertan maiatzaren 28an egin zuten prentsaurrekoaren bidez.
Agerraldian izan zen Olano, baita ekimenari babesa adierazi dioten pilotariak, bertsolariak eta hainbat goierritar ere, Etxerateko ordezkariekin batera.
Eskubideak «gizarteratu»
Igandeko Pilotakadaz pilotakada ekimena, presoen eskubideak aldarrikatzeko eta egoera gizarteratzeko izango dela aurreratu du Goierriko Etxerateko Juan Mari Apaolazak, Iban Apaolaza preso beasaindarraren aitak. «Gizartea kontzientziatu eta inplikatu nahi dugu gai honetan, guztion artean presio eginez egoera hau aldatzeko eta gure sendikoen eskubideak errespeta ditzaten eragiteko».
Ekimena Euskal Herri osoan ari da garatzen Etxerat, herrialdeka banatuta. Gipuzkoan, adibidez, maiatzaren 10etik aurrera asteburu oro izan da ekitaldiren bat. Zaldibian kokatuko dute, etzi, Goierriko bailarari dagokiona. Eskualde bakoitzak antolatu du tokian tokiko ekitaldia.
Festan, «frontoi eta txoko guztiak» elkartasunez betetzeko deia egin dute, sakabanaketarekin amaitzeko eta presoen eskubideen aldeko mezua zabaltzeaz gain.
Hogeita bost urte neurriarekin
Espainiako Gobernuak 1989ko maiatzean jarri zuen indarrean euskal presoak Euskal Herriko espetxeetatik urruntzeko neurria. 25 urte «luze eta latz» horietan, euskal preso politikoen senideen eta lagunen bizitzak «sufrimenduari loturik» gelditu direla dio Etxeratek. Kartzelako bisitetara bidean 16 lagun hil dira.
Gaur egun, 491 euskal preso daude 78 espetxetan, gehienak Espainian eta Frantzian.