«Zumarragara joateko berezko joera genuen, gertuago zegoelako»
Justina Jauregi 1932an jaio zen Etxetxiki baserrian, Agiñagan. Auzoaren Zumarragako eremuan dago Etxetxiki, izan ere Agiñagako zati bat Zumarragaren lurretan eta beste bat Azkoitiakoetan zegoen garai hartan. Zatiketak logika guztiak apurtzen zituen ordea, Aizpurutxotik gertuen zegoen zatia Zumarragari zegokiolako eta Zumarragara lotuena zegoena Azkoitiari. Aurreko asteburuan auzo osoa Zumarragaren barruan dagoela 25 urte bete direla ospatu zuten. Jauregik, halere, banaketa horri ez dio inoiz «kasu gehiegirik egin». Justina Jauregi Agiñagako emakume edadetuena da gaur gaurkoz.
Orduan, zeu Zumarragan jaiotakoa zara.
Bai, neu eta baita neure zazpi seme-alabak ere. Gizona Aizpurutxokoa nuen, Azkoitiakoa beraz. Gure jaiotetxea Zumarragako lurretan egon da beti; Urrusti, Zumakorta eta Txerren baserriak ere bai. Gero Urdanbietara etorri ginen, Azkoitiako zatian.
Zuen joera Zumarragara ala Azkoitira egitea zen?
Medikutara, adibidez, Zumarragara joaten ginen beti. Egin beharreko gehienak ere Urretxun eta Zumarragan egiten genituen. Azkoitiara kontribuzioa pagatzera eta Elizarekin zerikusia zuten izapideak egitera joaten ginen soilik. Zumarragara sei bat kilometro daude eta Azkoitiara hamasei bat; aldea handia da. Azkoitiara doan errepidea 1960an inauguratu zuten eta aurretik oinez joaten ginen edo trenez, Izukitzan –Agiñaga azpian dagoen auzoa– apeaderoa zegoen. Bestela, errepidea ez zegoenean oinez joaten ginen Azkoitiara nahiz Zumarragara.
Ez zen, bada, bide erraza izango, ezta?
Tripa galantarekin eta astoarekin joanda nago ni, emaginarena errebisioa egitera. Gogoan daukat elurra mara-mara ari zuela. Atzera begiratuta nola kristo bizi gara oraindik horrenbeste pasa eta gero? galdetzen diot neure buruari, ez baitzen bakarrik joatea, atzera etxera bueltatu ere egin behar ginen. Garai hartan ez zegoen egun dagoen errepidea, herribidea zegoen, eta guk lasterbide bat erabiltzen genuen.
Ezkondu eta Urdanbieta baserrira etorri zinen. Baserri hau Azkoitiako lurretan zegoen?
Ezkondu eta beranduago, orain 39 urte, etorri nintzen baserri honetara. Geu etorri eta 14 urtera Zumarragara bildu zen Agiñaga guztia. Nik ez dut inoiz alde handirik nabaritu, ez diet horrelako gauzei kasu gehiegirik egiten. Ordura arte gure bizitza Zumarragan egiten genuen, gertuago zegoelako, eta aldaketak joera hori ofizial bihurtu zuen.
Hala ere, Azkoitirako joera ere izan duzue Agiñagako bizilagunek.
San Andres egunean, esate baterako, beti joan izan gara Azkoitiako feriara. Azkoitia beti izan da euskaldunagoa, eta guretzat errazagoa izan da hizkuntza aldetik.
Zergatik zegoen Agiñaga bitan zatituta?
Gure etxean legenda bat kontatzen zen, zeinetan harri batzuk bota zituzten eta harriak non geratu hantxe ezarri zuten Agiñagako muga; zati bat Zumarragan eta bestea Azkoitian.
Ogia egin duzue beti etxe honetan eta garia Azkoitian ehotzen zenuten.
Oleta mendiaren beste aldean dagoen Azkoitiako auzo bateko Montes baserrira eramaten genituen garia eta artoa. Zakuak hartu eta gauez askotan joandakoak dira gure etxeko gizonak, eta ni neu ere bai. Gauez joaten ziren ilbetea aprobetxatuz, goardia zibilak atzetik izaten zituztelako.
Zergatik?
Ogi beltza baino ezin genuen jan. Razionamenduaren garaia zen eta gurean garia ereiten genuenez ogi zuria jateko aukera genuen, baina era klandestinoan. Ezkutuan joaten ginen Montesera, eta lau ordu behar genituen joan etorria egiteko. Handik behintzat irina eginda ekartzen genuen, beste toki batzuetan itxaron egin behar zen eta bi egunen bueltan itzuli egin behar ginen irinaren bila. Irin horrekin labesua –ogia– egiten nuen.
Zure senarrak fabrikan lan egin zuen?
Bai. 23 urterekin ezkondu nintzen, ume zahar bat nintzen ordurako, baina ezkondu nintzen behintzat. Ezkondu eta berehala umea izan behar zenuen, bestela bekatua zen. Gizonak harrobian egin zuen lan lehenengo eta ondoren Orbegozon aritu zen lan istripu bategatik hanka moztu zioten arte. Ondoren gorriak eta bi ikusita gaude. Bi anaia ere etxean nituen; guztira, hamaika lagun ginen handia ez zen etxe batean.
Zazpi seme-alaba izan zenituen. Baserrian bertan erditu zinen?
Azkena bere aitaren istripuaren ondoren jaio zen. Bai, denak etxean jaio ziren. Emagina etortzen zen, baina hari deitzera oinez jaisten ziren eta oinez igotzen ziren gero.
Nolakoa zen egun bat zuretzat?
Goiz esnatu eta behiak jaizten nituen, ganadua asko gustatu izan zait beti. Umeak eskolarako prestatzen nituen eta bazkaria egiten nuen. Garai hartan ez genuen labadorarik eta hamaika lagunekin zenbat arropa garbitzeko! Labadora bezalako asmakizunik ez da egon! Zenbat jai ez nituen emango makina bat arropa garbitzen!
Zeintzuk ziren zuen elikaduraren oinarriak?
Gosaltzeko esnea eta taloak. bazkaltzeko babak, porru patatak eta urdai pusketa bat baldin bazegoen; gero sagar erreak. Noizean behin sardinak, antxoak edo bakailaoa.
Gaztetan igandetan festarako tarterik izan al zenuen?
Bai, jaian hiru bat ordu edo izaten genituen eta ibiltzen ginen, baina gero etxera, bestela errosario galanta entzun behar genuen eta. Guk ez dugu libertaderik eduki, lanean segitu behar genuen, tarra-tarra.
Aukeran, Trinitate jaia ala Agiñagako San Martin?
San Martin jaia beti ospatu da hemen, baina gonbidautzak egiteko eguna da. Niri Trinitate jaia bereziki gustatu izan zait beti; ez dakit zer duen Oleta mendi horrek, baina hemengo denak haize egiten dira. Garai batean han ezin zen lotuta dantzan egin Azkoitian debekatuta zegoelako, eta Oleta Azkoitiakoa zen; dantza egitera Zumarragara joaten ginen.
Agiñagan auzotarren artean ondo konpontzen zaretela esaten da.
Beti lagundu gara auzoan. Elkartea sortzeak ere lagundu zuen; eskerrak sortu zutela bestela ez zelako hemen ezer egongo. Nik poza daukat Agiñagan zazpi haur dagoelako, horrek bizipoza ematen dizu.
Nola ikusten duzu egungo mundua?
Ni inoiz baino hobeto bizi naiz orain, erosoago, nonbait. Goiz esnatzen naiz eta lanak egin, asko daukat oraindik egiteko. Azkeneko 40 urteotan dena aldatu da eta gu bizi izan garen bezala bizi izana ezin da sinistu ere egin; argirik gabe, urik gabe… Hala ere, zetorrenari heldu eta aurrera egiten genuen. Orain pilulen mende bizi gara. Baserriko bizimodua, bestalde, ezinak eraman du; egun ez dago baserritik bizitzerik.