
Datorren urtean egingo dira Udal eta Foru Hauteskundeak Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, eta EAJ alderdiak, dagoeneko aurkeztu du Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izateko bere hautagaia: Markel Olano beasaindarra. 2015era begirako egitasmoak eta hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko ekitaldia egin dute gaur Donostian.
Joseba Egibarrek gogorarazi du hauteskundeetarako 11 hilabete falta direla, eta konpromisoa eskatu die alderdikideei. Horrez gain, Bildurengana ere zuzendu du mezua. Uste du koalizioak “soilik bere proiektuak” garatzen dituela, eta haren “helburu bakarra EAJri eraso egitea” dela.
Ahaldun Nagusi izana
Markel Olano (Beasain, 1965), Gipuzkoako Ahaldun Nagusi izan zen 2007 eta 2011 urteen artean. Hamabost urterekin hasi zen politikan, EGI gazte erakundean. Filosofia ikasketak egin zituen EHUn. GBBko eta EBBko kide izan da geroztik.