
Tokiko garapenaz eta goierritartasunaz hitz egiteko bigarren saioa egin du gaur Goierriko EH Bilduk Beasainen. Maiatzaren 17an egindako lehen bilkuraren jarraipena izan da gaurkoa, eta talde ezberdinetan banatuta eskualde mailako hainbat gaietan sakontzeko eta hausnartzeko tartea hartu dute goierritar ugari.
Dinamika hauen helburua “aldaketa bide honetan gure etorkizuna eraikitzen lanean jartzeko eta nolako Goierri nahi dugun denon artean erabakitzea” izan da. Azken finean, “goierritarrok Goierri mailan pentsatu eta lan egiteko dugun beharraz ohartzea eta gure egunerokoan txertatzearen garrantziaz jabetzea”.
Arlo ezberdinen inguruan Goierriren garapena zein bidetatik egin beharko litzatekeen aztertu dute lan taldetan banatuta, eta talde bakoitzean ateratako ideak denen artean eztabaidatu dituzte ondoren. Maiatzaren 17an egindako lehen hurbilpenaren ondoren, orduan zehaztutako gaietan sakontzea eta aurrera begirakoak zehaztea izan da gaurko saioan egin dutena. Hala, gaurko bilera “mugarritzat” hartu du EH Bilduk.