Aralarren lurrazpiko altxorrak
Lurpeko munduan murgildu eta kobazuloek zer ezkutatzen duten gertutik ezagutzeko, hainbat irteera antolatu ditu Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak. Hain justu ere, espelologian adituak direnen eskutik Aralar Natur Parkearen Gipuzkoako eremuaren sekretuak eta altxor txikiak erakutsiko dituzte. Espeleologia ezagutzak ez dituztenentzat prestatutako bisitak izango dira.
Lurpeko eremuen ikerketaz eta zaintzaz arduratzen den Felix Ugarte Elkartekoak arduratu dira, Parketxe Sarearekin elkarlanean, bi irteera antolatzeaz. Javier Busselo Felix Ugarte Elkarteko espeleologiako kirol teknikaria da, elkarteko beste hainbat kiderekin batera, Aralarren lanean aritu dena. Akaitz Txiki 2 kobara egingo den irteera espeleologikoa da lehena, uztailaren 5ean izango dena.
Goizeko 9:30ean egin dute hitzordua Lizarrustiko Parketxean eta Errekabeltzeko langan 10:30ean.
Akaitz Txikira bidean fenomeno karstikoak, sarbegiak eta muinoak ikuskiko dituzte. Lareoko urtegia igarota, Akaitz Txiki mendira iritsiko dira. Bertan, Akaitz Txiki 2 izena daraman kobara sartuko dira. «Edozein sartzeko moduko koba delako aukeratu dugu», dio Javier Busselok; «Polita da, ikusgarria. Oso txuria da eta estalagmitaz tapizatua dago». Ondoren Enirio ingurura joango dira. Bertatik antiklinala, borgoniar barra eta Ataungo domoa ikusi ahal izango dituzte, besteak beste. «Aralar nola eratua dagoen azalduko dugu; Gipuzkoako eremuko Aralar, Nafarroako urrun xamar geldituko zaigulako», dio Busselok.
Antolakuntzak kaskoa, argiteria eta eskularruak eramango ditu parte-hartzaileentzat, baina uretako oinetakoak eta aldatzeko arropa eramatea gomendatu dute antolatzaileek. Xira-galtzak eramatea ere ez dagoela soberan diote. Guztira bi orduko ibilaldia izango da.
Meatzarien Aralar
Bigarren txangoa geologia eta meatzaritza alorrekoa izango da, Arritzagako haranera joango, uztailaren 19an. Parketxe Sarekoek azaldutakoaren arabera, «inguru hori punta-puntako gunea da geologiaren eta meatzaritzaren ikuspegitik». Aralarko geologia-maila antzinakoenak ikus daitezke bertan, egitura konplexukoak, baita morrenetan jatorria duten biltegiak ere, Kuarternarioan gertatu zen glazioazio prozesuaren lekuko direnak.
Abiapuntua Amezketako Beratzeaga aparkalekua izango da, goizeko 9:30ean eta haraneraino gerturatzeko bi ordu inguruko ibilaldia egin beharko da. Hara iristean, lehenik eta behin meategi bat bisitatuko dute. Izan ere, Felix Ugarte Elkartekoek egin dituzten indusketetan ikusi ahal izan dute, duela milaka urtetik ustiatu dela kobrea Arritzaga inguruetan. Kalkolitoan eta Brontze Aroan hasi ziren minerala ateartzen eta Erromarraren aroan, Erdiaroan zein XVIII. mendean jarraitu zuten, joan den mendeko erdialdean jarduera amaitu zen arte.Busselok azaldutakoaren arabera «duela 4.500 urteko aztarnak aurkitu ditugu egindako indusketa ezberdinetan, erromatar garaiko zeramika ere bai, eta Behe Erdi Aroko ustiaketa zantzuak».
Azken ustiaketa aldiko meatzarien herrixka nolakoa zen azalduko dute: eliza non zegoen, kantina edo langileen barrakoiak. Mirenala lantzeko fabrika ere bisitatuko dute; baita inguruan dauden Historiaurreko nahiz Aro Modernoko aztarnak ere.
Azken boladan erabili zuten meatze batean ere barneratuko dira. «Meatze txikia izango da, 300 metro ingurukoa, ustiatzeari utzitakoan itxi egiten baitituzte», azaldu du Busselok. Garaiko dokumentuetan ikusi ahal izan dute meatze horrek bi edo hiru maila zituela eta oso sakona zela. «Ezingo gara barruraino sartu, baina berez oso sakona da», dio espeleologoak.
Eguerdian ordubete inguru izango dute bazkaltzeko eta atseden hartzeko. Baratzeagara, aurreikuspenen arabera, arratsaldeko 18:00ak ingururako itzuliko da taldea. Irteera honetarako ere materiala jarriko dute antolatzaileek. Parte hartzaileak, berriz, kontuan izan behar dute bost bat orduko ibilaldia izango dela.
14 urte lanean
Felix Ugarte Elkartea 2000ko maiatzaean eratu zuten Arantzazun (Oñati), lurrazpiko munduaz jakinmina zuten hainbat lagunek. Uda horretan bertan Irunen jarri zuten euren bulegoa eta ordutik aurrera hainbat eremutan egin dituzte azterketa lanak eta bisita nahiz ezagutza irteerak antolatzen aritzen dira. Aralarrez gain, Ernion ere egin dute lan, baita Deban eta Mutrikun ere.
Izen-ematea
Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Felix Ugarte Elkarteak antolatutako irteeretan parte hartzeko derrigorrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako Ataungo Barandiaran Museoko 943 18 03 35 telefonora deitu edo barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi beharko da.