Auzoetan festak eta herrietan suak, uda jai giroan hartuko du Goierrik
Bitxia da, suaren ospakizunean Lurra su guztien amatik urte osoan egoten den urrutiena egotea. Udako solstizioan (bihar da) afelioa deitzen den gertaera izaten da: Lurra eta eguzkia elkarrengandik urrunen dauden unea da. Horri lotuta, Lurraren ibilbide eliptikoaren eremu horretan, motelago mugitzen da, eta udaren iraupena beste edozein urtarorena baino luzeagoa horregatik da.
Astronomia eta Keplerren bigarren legea aparte utzita, goierritarrek suaren sinbologiaren festa ospatuko dute, San Joan bezperan. Sua da ikurra, baina esanahi askoz zabalagoa eta mamitsuagoa du, euskaldunen sinesmenen sehaskarainokoa. «Euskaldunon kosmogonia zaharrean, beste kosmogonia naturalista-animistetan gertatu den bezalaxe, oinarrizko lau elementuak diren ura, sua, lurra eta haizearen berri ematen digun sinbologiak eremu handia hartu du», dio Joseba Aurkenerena Historia irakasle eta idazleeak. Urtaro aldaketa elementuekin Solstizioetan eta ekinozioetan, hau da, sasoi batetik bestera pasatzeko egunetan, gure arbasoek oinarrizko sinbologian azaltzen diren lau elementu horietaz baliatzen ziren, uraz eta suaz, gehienbat», gaineratu du adituak. San Joan edo Donibane inguruko egunek udaberritik udagoienerako pausoa ahalbideratzen dute, «edo beste modu batean esanda, eguzki-begi gorenaren garaira doan bidea prestatzen digute». Biziaren momenturik gorienak adierazteko sua erabiltzen zuten euskaldun zaharrek. Aurknerenaren arabera, arbaso zaharren kosmogonian urtea bitan banatzen zuten: «Alde batetik uda eta bestetik negua. Urtea bere izenak esaten digun bezala, eurien zikloa baita (ur+te)». Hala, uda hasieran bezala neguaren hasieran ere (abenduaren 21 inguruan) sua erabiltzea ez da kasualitatea, bietan. «Negua Olentzeroren inguruan, hau da, neguko solstizioaren inguruan, Olentzero enborra piztuz hasten zen Euskal Herriko bazter askotan. Sua erabiltzen da neguko solstiziorako eta baita udako solstiziorako ere». Astelehenean, sua piztuz udaren eta eguzkiaren goiena ospatzeko izendatutako San Joan bezperan, ekia 21:48an ezkutatuko da. Haren argiaren eta biziaren jarraipena izan dadin, garai horretantxe piztuko dituzte Goierri guztiko herrietan, auzoetan eta baserrietan suak, eta jarriko dituzte atarietan eguzkiloreak. Bien bitartean, arbasoek sugarren gainetik jauzi egingo dute, oraingo euskaldunekin batera.