Erleak, zerua eta eztia
Aurtengo udaberrian lainoak zein eguzkia zeruaren jabe egiten ari dira txandaka. Erleentzat ez da, antza, eguraldi txarra. Urretxuko Aikur Erle Museoko Josune Epelderen hitzetan, «indartsu daude, zoragarri». Aurtengoan lan asko egin dute jada erleek, dena dela, maiatzean ez du eguraldiak batere lagundu eta akaziarekin ezin izan dute apenas lanik egin. Erleak indartsu egon arren, eguraldiak urtero bezala erabat baldintzatuko du ezti produkzioa.
Eguraldiari dagokionez, iaz ez zen kasik udaberririk egon, eta uztailera arte ez zuen epeldu. «Nahikoa lan izan genuen erleek bizirik iraun zezaten», gogoratu du Epeldek. Iaz erleek egin zuten ezti apurra gaztainarekin egin zuten uztaila partean.
Aurten larra edo sasia loratzen hasi da jada, eta eguraldiak hobera egiten badu larrarekin lanean hasiko dira aurki erleak. Larraren ondotik gaztaina etorriko da.
Aikurren oraindik ez dakite zenbat ezti izango duten. Erleak ondo egon behar dira eztia ekoitzi dezaten, baina eguraldiak ez badu laguntzen erle indartsuenak ere ez dira eztia egiteko gauza.
Urretxuko Aikur Erle Museoan bi eratako eztia produzitzen dute: labelduna eta ekologikoa. Bakoitzak bere araudiak ditu, baina bietan kalitatea bermatzea da helburu nagusia.
Labeldun eztiari «konbentzionala» esaten dio Epeldek. Eusko Jaurlaritzak tokian tokiko erletegiak kontrolatzen ditu, baina eztia ez du erlezain bakoitzak ontziratzen. Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko erlezainek Getarian (Gipuzkoa) dagoen erletegira eramaten dituzte abaraskak. Han eztia ateratzen dute eta labeldun eztia ontziratu egiten dute. Kontrol guztiak bertan egiten dituzte.
Ezti ekologikoa
Ezti ekologikoaren prozesua ez da nolanahikoa. «Erlea urrutira joan daiteke janari bila, lore bila, alegia», dio Epeldek. Esparru hori zenbateraino zabaltzen den zehaztu du, «hiru kilometroko erradioan ibili daitezke». Erlezainaren lana eremu horretan lan egiteko toki erosoak bilatzea da; dena dela, hau ezti ekologikoa zein konbentzionala ekoizteko baldintza da. Horrez gain, derrigor lore-jana egon behar du toki horietan. Gainera, inguru hori kutsatu gabekoa izan behar da. Eztia ekologikoa izan dadin baldintza gehiago egon badaude, tartean, erlauntza barruan erabiltzen diren produktu guztiak biologikoak izatea. ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak produkzio ekologiko guztia kontrolatzen du. Auke- ratutako tokia nahiz ekologikoa izateko legedia betetzen den ENEEK ikuskatuko du.