2015eko aurrekontua osatzeko bilera herritarrekin
Gizarte, kultur, lan mundu eta politika eragileak, auzo elkarteak, kirol taldeak, ikastetxeak zein elkarte gastronomikoak. Guztira, herriko 70 eragile inguru elkartu ziren joan zen ostegunean D’elikatuz zentroan egin zen ekitaldian. Izan ere, Ordiziako Udalak 2015eko aurrekontuak lantzen hasteko Ordizia Zabalik partaidetza prozesua abiatu du herriko taldeekin eta elkarteekin batera.
2012 eta 2013 urteetan auzoetan hobekuntzak egin ahal izateko Auzoz auzo partaidetza prozesuak egin ziren; Udalak 100.000na euro bideratu zituen. Oraingo prozesu honek, baina, ez du Auzoz auzo dinamika ordezkatuko, 2014an ere egingo baita. Ordizia Zabalik «urrats berri bat da partaidetza aurrekontu berriak osatzeko bidean», azaldu zuen Igor Eguren alkateak.
Bertan bildu zirenen artean haien iritziak, beharrak, egitasmoak eta proposamenak jasotzeko prestatutako materiala banatu zuten. 2013 eta 2014 urteetako aurrekontuen memoria, batetik, eta azken hiru urteetan gauzatu diren eta garatze bidean dauden proiektuen inguruko inkesta bat, bestetik.
Taldeek eta elkarteek dituzten beharrak eta herritarrentzat interesgarriak izan daitezkeen proposamenak lantzeko taulak jasotzen dituen dokuementua ere banatu zuten bertaratu zirenen artean. Azken hori izango da irailaren 18an eta urriaren 2an egingo diren bi lan bileretarako oinarria. Hain justu ere, iraileko bilerarako haien proposamenak eta beharrak eraman beharko dituzte eragileek, eta urriko bileran aztertu eta lehen erabakiak hartuko dira.
Herritarrei irekita
Hartu hitza, Piztu Ordizia ate irekien saioa egin zuen oraingo udal gobernuak udalaren funtzionamendua, sailak zein asmoak herritarrei gertutik erakusteko 2011n. Izaro Intsausti zinegotziak azaldu bezala, 2012an iritsi zen Oianguren gaineko partaidetza prozesua; hortik sortu zen Aranzadi elkarteak Oiangurako egindako Kudeaketa Plana eta geroko hitzarmena. 2012 eta 2013 urteetan garatu ziren Auzoz auzo prozesu bana, aurten egingo da hirugarrena, eta 2013an hondakinen kudeaketaren bueltan 1.200 bizilagun inguru ere bildu zituzten.
Belen Maizak aurkeztu zituen eragileekin elkarlanean egindako egitasmoak: Ordiziako Azokaren 500 urteurreneko ekitaldiak, danborradaren mendeurrenekoa, Oteizaren eskulturaren ingurukoa zein Victor Mendizabal beka, besteak beste. Kirol arloan, aipamen berezia egin zion Maizak Itzuliaren bueltan garatu zen Udaberrian Martxan egitasmoari.
Iban Asenjok, azkenik, gaur egungo egoera ekonomikoa dela eta egiteko nagusietako bat «udal baliabideak optimizatzea» dela azaldu zuen. Hala, «etorkizunean aitzindari izan daitezkeen» proiektuak gauzatzeko apustua azaldu du Ordiziako Udalak. Herri Antzoki azpian kultur etxe berria egitea aipatu zuten, baina horretarako herriko kultur eragileen iritzia ezagutzea «ezin- besteko» jo zuen. Iazko aurrekontuan Majori kiroldegian 8 musika lokalen egokitu zirela ere gogorarazi zuen Asenjok, «aspaldiko eskaera» bati erantzunez.