Festetako gertakariak salatzeko batu dira segurarrak
San Joan festetan erabat murgilduta daude segurarrak, alabaina, atzo iluntzean, geldialdia egin zuten, festetan izandako gertakariak salatzeko. Segurarrek argi utzi dute jazo diren ekintzak erabat gaitzesten dituztela, eta udalaren deiari erantzuna emanda, plazan jendetza batu zen horrelako festarik ez dutela nahi adierazteko.
Eluska Gerriko alkateak gertakarien berri eman zien plazara gerturatu zirenei. Hala, ostiralean, festa giroan barneratzerako hasi zirela liskarrak azaldu zuen. Mozorroen aitzakian, talde bat eremu itxi batean sartu zen; bertan ezin zirela egon jakinarazi zieten, baina ez zieten jaramonik egin, eta udaleko ordezkariek zein hainbat bizilagunek “errespetu faltak” jasan zituzten. Gerrikok azaldu zuenez “egoera deseroso eta gogorra” eragin zuten.
Egun hartan bertan, Zerkalden bi zuhaitz hautsita agertu ziren, eta herriko beste hainbat objektu ere puskatu zituzten. Halaber, zenbait etxetako pertsianen kontra botilak eta latak “lehertu” zituztela adierazi zuen.
Larunbatean, berriz, apaiz etxeko leihoetara harriak botatzen aritu ziren, eta kristalak puskatu zituzten. Igerilekuan, hautsitako likore botila bat agertu zen, eta era berean, larunbat gauean, txoznetatik ostiralean bertan erositako ordenagailua eta kanpo memoria lapurtu zituzten. Horren harira, Segurako alkateak Gazte Asanbladak ere deialdiarekin bat egiten duela azaldu zuen, eta erabat gaitzesten dituela ekintza hauek. Gainera, Gazte Asanbladak gauean, San Juan suaren bueltan, argi utzi zuen ekintza horiekin ez zuela inongo zerikusirik eta bere gaitzespena adierazteko ohar bat irakurri zuen.
Ekintzak ez ziren asteburuarekin batera bukatu, eta azken gertakaria atzo goizean izan zuten. Udaleko langile bati, goizean kalea garbitzen ari zela, belaunera tiro egin zioten, ustez karabina batekin.
Gerrikok “minduta eta amorratuta” zeudela adierazi zuen hunkituta, eta segurrarek txalo zaparrada batekin euren babesa erakutsi zioten. Alkateak festen aurretik agurrean idatzi zuena ekarri zuen gogora, eta errespetuz festa egiteko deia egin zuen. “Herri hobe baten alde” ari direla esan zuen, eta horretan “bakoitzak bere ahalegina” egin behar duela gaineratu zuen.