Beasaingo monoziklo topaketa egingo dute asteburu honetan
Ostiral, larunbat eta igandea gurpil bakarraren gainean igaroko dute Beasaingo gaztetxeko kideek, eta kanpotik inguratzen direnek. Orekan Bizi Naiz kirol eta solasaldi elkarteko kideek antolatu duten Tximuziklo Beasaingo II. monoziklo topaketa egingo dute. Monozikloaren mundua ezagutu eta probatu nahi duen ororentzat zuzenduta dago topaketa hau eta edonork parte har dezakeela azaldu dute antolatzaileek.
Joan den urtean 35 lagunek parte hartu zuten eta aurten Malaga, Galizia, Madril, Herrialde Katalanak eta Euskal Herriko 40 lagunetik gora elkartzea espero dute antolatzaileek, eta elkarrekin igaroko dituzte hiru egunak.
Ostiralean monoziklo gaineko poteoa egingo dute Beasainen zehar. Larunbata bete-betea izango dute: 10:00etan mendi irteera egingo dute, Murumenditik mendiz monozikloan jaitsiz. 14:30ean bazkaria egingo dute herriko elkarte batean. 17:30ean Loinazpe institutuan ate irekiak eta saskibaloi partida egingo dituzte, eta gauean barbakoa egingo dute gaztetxean. Igandean, berriz, Tolosako skate parkearen ondoan dagoen trialeko gunera irteera egingo dute.
Elkarteko kideekin harremanetan jartzeko, helbide honetara idatz daiteke: orekan-bizinaiz@gmail.com.