Emakumeentzako genero eta berdintasun ikastaroak egingo dituzte Beasainen
Beasaingo Udalak berdintasun eta genero ikastaro sorta jarriko du martxan, irailetik datorren urteko ekainera bitartean. Berdintasunerako bidean formazioak duen garrantzia kontuan hartuta eta Berdintasun Foroaren eskaerari erantzunez diseinatu dute ikastaro hau. Bizitzako hainbat alorretan ematen diren emakumeen aurkako desberdintasun, bazterkeri eta indarkeriaren oinarriak ulertzeko, lehen maila edo oinarrizko ikastaroa izango da, emakumeei zuzenduta egongo da ikastaroa eta doakoa izango da.
Ikasturte osoko ikastaroa izango da, irailean hasi eta ekainean bukatuko da. Hamar saio izango dira eta hilero egingo da saio bat. Saioak ostiraletan egingo dira eta bi orduko iraupena izango dute, 17:00etatik 19:00etara hain zuzen. Izena 943 08 76 63 telefono zenbakira deituta edo berdintasun@beasain.net helbide elektronikora idatzita eman beharko da uztailaren 1etik irailaren 10era bitartean. Ikastaroetan parte hartzea doakoa eta irekia izango da.
IKASTAROAK:
- Irailak 12. Binarismo sexuala: Sexu-genero sistema eta binarismo sexuala, berdintasun eza eta diskriminazioa ahalbidetzen duten elementu nagusi bezala.
- Urriak 10. Zapalkuntza sistema anitzak: Nola osatu izan dugu gure emakume nortasuna eta zer dute ikusteko horretan diskriminazioak eta bereizkeriak.
- Azaroak 14. Patriarkatua: Lan banaketa sexuala eta eremu publiko eta pribatuaren arteko banaketa dela patriarkatuaren ardatz nagusietako bat identifikatzen da.
- Abenduak 12. Sexismoa hezkuntzan: Familia aztertzen da diskriminazioaren sustatzaile den neurrian.
- Urtarrilak 9. Hizkuntza eta hedabideak: Hizkuntzan ematen den sexismoa eta horrek gure bizitzan dituen ondorioak.
- Otsailak 13. Amatasuna: Emakumearen identitatea osatzeko garaian amatasuna eta zaintzak duten garrantzia.
- Martxoak 6. Ekonomia eta zaintzak: Emakumeek bizitzaren sostengurako dakarten ekarpena ikusarazten da.
- Apirilak 10. Gorputza eta sexualitatea: Patriarkatua manten eta birsor dadin, familia eta heterosexismoa egitura ekonomiko, politiko eta sozial oinarrizkotzat jotzen dira.
- Maiatzak 8. Emakumeen aurkako indarkeria: Emakumeen aurkako indarkeria sortzen eta mantenarazten duten arrazoiak eta alderdiak.
- Ekainak 12. Feminismoa: Feminismoaren historia, baita berdintasuna lortzeko borrokan zenbait feministen ekarpenak ere.