Goierri Eskolaren alde lan egin dutenak omendu dituzte 50. urteurreneko ekitaldian
http://youtu.be/xJRQ3HH18_o
Goierri Eskolaren 50. urteurreneko ekitaldi nagusia egin dute gaur goizean. Urte guzti hauetan eskolaren alde lanean aritu diren guztiei esker ona adierazteko omenaldia izan da. Ekitaldian protagonista izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria; Igor Eguren Goierri Fundazioko lehendakaria eta Ordiziako alkatea; eta Goierriko Eskolako zuzendari Iñaki Zabalo.
Goierriko Hitza
Goierri
Goierri Eskolaren 50. urteurreneko ekitaldi nagusia egin dute gaur goizean. Urte guzti hauetan eskolaren alde lanean aritu diren guztiei esker ona adierazteko omenaldia izan da. Ekitaldian protagonista izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria; Igor Eguren Goierri Fundazioko lehendakaria eta Ordiziako alkatea; eta Goierriko Eskolako zuzendari Iñaki Zabalo.
1963ko azaroan Goierri Eskolaren instalazioak inauguratu zirenetik gaur eguneraino ibilbideari errepasoa eman diote. Ikusentzunezko batean jaso dute eskolaren ibilbidea, Goierri Eskolak izan diren garai ezberdinak biltzen dituena.
Iñaki Zabalo zuzendariak Goierri Eskola herritarren elkarlanetik sortutako proiektua dela nabarmendu nahi izan du eta etorkizunera begira erakunde, enpresa, unibertsitate eta lanbide heziketaren arteko elkarlanean jarraitzeko beharra azaldu du. Igor Egureni esker oneko oroigarria eman dio Zabalok. Goierri Fundazioko presidenteak, baina, “aurretik egon diren guztien” izenean jasotzen duela argitu du. “Ez dira edonolako 50 urte izan Goierri Eskolarenak. Formazio eta ikasketa mailan erreferentea da. Aitortu beharra dago gainera, garai zailetan Goierri Eskolak emakumeak hezi eta lan munduratzeko apustua egin zuela”, esan du Egurenek.
Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak Goierri Eskolaren asmoekin bat egiten duela. “Kudeaketa, finantziazio eta heziketan eredu izan da” esan du. Hala, heziketa eta lana uztartzearen garrantziaz aritu da lehendakaria. Datorren ikasturterako 500dik gora enpresekin elkarlanean lanbide heziketako egitasmoa martxan jarriko dutela iragarri du. Era berean, Espainiako Gobernuaren LOMCE hezkuntza erreforma kritikatu du Urkulluk: “Autogobernuan pausoak ematea oztopatu nahi eta gure eremuan sartu dira. Gobernatu dezatela tokatzen zaiena eta utz gaitzatela bakean. Ez gaituzte geldituko”, esan du.
Joxe Felipe Auzmendi arduratu da saioa gidatzeaz, euskaraz zein gazteleraz. Aukeran dantza taldeko kideek jarri diote kolore puntua ekitaldiari.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.