Baserriko izozki eta jogurtak
Lazkaomendi bidean dagoen Iztueta esnetegia (Lazkao) jogurt krematsuak eta artisau izozkiak ekoizten hasi da. Astelehenean hasi ziren produktu berriak merkaturatzen. Goierrin eta Tolosan zabalduko dituzte, oraingoz. Orain arte behi esne pasteurizatua saldu dute –kaleko makinen bidez edo ontziratuta–, eta esnetegiaren garapenean beste urrats bat egin dute, bi esneki gehiago aukeran jarriz.
Jogurten sailean, hiru motakoak egingo dituzte: naturala, marrubiduna eta muxika-marakuiazkoa.
Izozkien arloan, berriz, bost zapore egiten dituzte: limoizkoa, banilla, jogurt zaporekoa, txokolatezkoa eta hurrarena.
«Urte eta erdi daramagu bi produktu hauek ekoizteko sistema garatzen. Italiara, Austriara eta Herbehereetara bidaiak egin ditugu, hango merkatuetan zer dagoen ikusteko», azaldu du Iztuetako Ainize Salak.
Euskal Herriko orain arteko eskaintza tradizionalarekin alderatuta, esnekiak egiteko beste modu bat aurkitu dute Europa aldean. «Hemen esne-hautsarekin lan asko egiten dela ikusi dugu. Kremositatea esnegaina edo hautsa botata lortzen da. Hemen jogurt gogorrak dira; han, aldiz, nahastutakoak, eta ahora sartutakoan antzematen da krema- tasuna».
Esne naturalez eginak
Iztuetan produktu naturalen apustuarekin jarraituko dute, erabat, bi esneki berriekin ere. «Oso-oso esne ona daukagu, kalitate onekoa, eta ez diegu esnekiei hautsa nahastu nahi». Izozkietarako, adibidez, limoi zaporea limoi zukuarekin emango diote; banillarena, haren lekarekin; Belgikako txokolatea erabiliko dute, etxeko jogurta, eta Piamonteko (Italia) hurrak, «onenak» hangoak direlako.
Kalitate aldetik goi mailakoa izatea nahi dute, eta dena artisau eran eginda: «Guk egiten ditugu, hasieratik bukaerara, eta eskuz». Ontziratzeko, jogurtak makina batekin sartuko dituzte; izozkiak, eskuz, izozki-dendetako adardun biradera batekin lagunduta.
Jogurtak nahiz izozkiak, 125 gramoko banakako ontzietan edo 0,5 litroko handiagoetan salduko dituzte. Jogurt ontzia paper birziklatuarekin egina izango da, eta hondakinak bereizteko paper edukiontzira bota ahalko da, plastiko gutxiago sortzeko.
Iztuetaren filosofiako zutabe bat den salmenta zuzenari eutsiko diote. Horregatik, ekoizpena ez dute asko handitu nahi. «Txikiak gara, eta ez dugu azkar joan nahi, kalitatea ziurtatzeko». Denda eta kafetegietan erosi ahalko dira.
Bilakaeran pauso bat gehiago
Duela zortzi urte eraldatu zuten Iztuetan lan egiteko era, baita azpiegiturak ere. Ukuilu berria eraiki zuten, eta behiak erdira murriztu zituzten. «Hektarea zelai bakoitzeko behi bat jarri genuen, jatekoa ere dena etxekoa erabiltzeko. Ukuiluko egunerokoa hobetzen aritu gara orain arte. Esnearen proteina edo bitamina kopuruaren puntua lortu dugu, behien bizi kalitatea oso ona da, erditzeak naturalak dira, lehenengoan gelditzen dira ernari… Ukuiluan lortu ditugu helburuak», azaldu du Salak.
Garapen horretan, aurreikusitako bilakaeraren hurrengo zati da jogurten eta izozkien ekoizpena. «Bagenekien pauso hau emango genuela. Esneak mundu zabala dauka, mila produktu egin litezke». Azpiegitura aldetik inbertsio batzuk egin dituzte: jogurtak egosteko makina (8-10 ordu behar ditu prozesuak), izozkiak egitekoa… «Pauso bat» gehiago, bertako nekazaritza ekoizpena, ingurunea, produktuak eta lantegia etorkizuneko aukera izan dadin. Larunbatean, 16:00etan, ate irekien jardunaldia egingo dute Iztuetan, instalazio berria erakusteko. Jogurtak zein izozkiak dastatzeko aukera ere izango da.