Beasaingo udalak azken hiru urteetako balantzea egin du
EHBilduren Beasaingo udal gobernuak, legealdi honetako lehen hiru urte hauetan egindakoaren balantzea egin zuen atzo iluntzean Igartzako auregian. Bertan izan ziren, herriko hainbat elkartetako kiderekin batera, udal gobernuko Aitor Larburu, Zezilia Herrador, Koldo Agirre, Marimar Zelaia, Idoia Baztarrika eta Garbiñe Zurutuza.
Udal gobernua hartu zutenean helburu bat zutela azaldu zuen Baztarrikak: politika beste era batera egitea: herritarrekin egitea. Horretarako herritarren partehartzea bultzatu dutela azaldu zuen, eta aurreko sistemek baino esfortzu gehiago eskatu arren, esfortzuak merezi duela azaldu zuen. EHBilduren ardatzak herritarrekin lan egitea, Beasain Eraldatzen, kudeaketa gardena eta egungo egoerei egokitzea izan direla azaldu zuen.
Herradorrek jarraitu zion Baztarrikari, udalak herritarrekin egin dituen partehartze prozesuen berri emanez. Igartzakoa, herriko eskola kontseiluarena, Errekartekoa, aurrekontuena, berdintasunarena, sorkuntza lokalena, gazteen lokalena, auzoetakoak, auzoetako jaietakoak eta herrriko jaietakoak aipatu zituen.
Marimar Zelaiak Beasain Eraldatzenen inguruan hitz egin zuen gero, hirigintza jasangarri baten alde egindako ekintzak azpimarratuz. Hala nolamugikortasunean oinezkoei eman dieten garrantzia, garraio publikoa, hondakinekin lotutakoak, energia aurrezteko egidako ekintzak eta abar azaldu zituen.
Agirre alkateak amaitu zuen balantzea egiten, udalak azaldu duen gardentasuna eta egungo egoera zein den azalduaz. Agirrek azadlu duen garden lan egiten saiatu direla, bilera asko eginez eta aurrekontu partehartzaileak eginez, “gure zenbakiak, denon zenbakiak direlako”. Aurrez “modu ez erregularrean” zeuden kontratazioak erregulatu dituztela azaldu zuena, Usurbe Antzokiaren eta Igartzaren kudeaketari erreferentzia eginez. Bestealde, aurrezterako unean pertsonengan, kulturan, euskaran eta elkarteetan eta eragileetan ez dutela gastuetan aurreztu nahi izan azaldu zuen. Tasak ez igotzeko ahalegina ere azpimarratu zuen, honek sor litzakeen kalteengatik. Udaleko langileekin duten konpromezu eta hauek erakusten duten profesionaltasuna ere azpimarratu zituen eta azkenaldian Eusko Jaurlaritzako laguntzen bidez sortu dituzten hamalau lanpostu berriren eta beste zazpi langile berriren kontratazioa ere azaldu zien bertaratuei eta beste bi udaltzain ere kontratazekoak direla esan zuen.
Galde-erreguetarako tartea mokadutxo bat janez egin zuten aldameneko gelan.