«‘Leaxpi industri paisaiak’ lana tripetatik irten zitzaidan»
Gorka Salmeronen (Legazpi, 1969) Leaxpi industri paisaiak liburua, izenburu bereko argazkigintza lanean oinarritua dago. Lanak nazioarteko sona lortu zuen eta, orain, Burdinola elkarteak argazkiak liburu batean jasotzea erabaki du. Aldundiaren eta udalaren laguntza izan du.
Zer da ‘Leaxpi industri paisaiak’ liburua?
Leaxpi industri paisaiak orain arte aurrera atera dudan proiekturik handiena da. Tripetatik irten zitzaidan. Izan ere, lan honen atzean gauza asko daude: Legazpik historian zehar burdinarekin izan duen lotura, txikitako oroitzapenak…
Zure lehen lan handia izan da.
Nire lehen lan fotografiko serioa izan da. Beti saltseroa izan naiz eta argazkigintzak eskaintzen dituen aukera ezberdinak probatu ditut. Hasieran, asko esperimentatu nuen: emultsioak, argazki teknika zaharrak, serigrafia, argazkien eraldaketa… Leaxpi industria paisaiak lanean, lehenengoz, negatiboak ez nituen ukitu.
Zenbat denbora eman duzu lan hori egiten?
Patrizio Etxeberriaren lantegian 1991n sartu nintzen, asko kostata. Aurrez, kanpotik argazki asko atera nituen. 1985ean hasi nintzen argazkiak egiten eta garai hartako argazki-filmetan fabrika azaltzen da jada. Nire arreta pizten zuen, eta egin beharreko lana zen.
Gainera, Legazpiren historia markatu duen lantegia argazkitan norbaitek jaso beharra zuen.
Fabrikaren eraginez da Legazpi gaur egun dena. XX. mende hasieran lau baserri besterik ez zeuden eta Patriziok sekulakoa muntatu zuen. Herri guztia bere menpe zuen. Sistema feudala zen, eta Legazpiren bilakaera fabrikatik egin da. Ignacio Arbidek ondo esaten duen bezala, Legazpin burdinarekin lotutako hiru aro egon dira: haizeolena, zeharrolena eta Patriziorena.
Zure familiak izan du loturarik lantegiarekin?
Aitak Urola plastiko enpresan lan egin zuen, baina aitonak Patrizioren fabrikan. Fundizioan erretiratu zen, aldaka eta belaunak erabat gastatuta. Umetan fabrikara eramaten ninduen.
Zuk argazkiak atera eta gutxira heldu zen Patrizio Etxeberria enpresaren gainbehera.
1992an bigarrengoz sartu nintzen fabrikara eta urte hartan bertan Patricio Echeverría S.A. enpresa desagertu eta Corporación Patricio Echeverría sortu zen. Ondoren, Gerdau, GKN eta gainontzekoak etorri ziren. Burdinaren hirugarren aroaren amaiera harrapatu nuen, baina Garai hartan ez nintzen horretaz konturatu. Bailara honetako mendeetako tradizioa, burdinaren galdatzea, desagertu egin da. Duela bi urte desagertu zen: Gerdauk galdategia itxi eta langileak Basaurira bidali zituenean.
Nondik sortu da liburua egiteko aukera?
Oskar Pereirarekin erretratu erakusketa egin nuen eta Burdinolakoei katalogoa asko gustatu zitzaien. Horrekin zer edo zer egitea proposatu zidaten, eta nik Leaxpi industri paisaiak lanaren inguruko zer edo zer egitea proposatu nien. Izan ere, Burdinolaren jarduerarekin askoz ere lotura estuagoa du. Gainera, beti izan dut buruan Leaxpi industri paisaiak lanarekin liburu bat argitaratzea. Urte eta erdi eman dut lanari forma ematen, eta Burdinola elkarteak ere dena eman du.
Zer diozu liburuaren edukiaz?
1991 eta 1992an 1.500 argazki inguru atera nituen lantegi barruan. Liburuan lehenago ateratako argazkiak ere sartu ditut. Gainera, orduko lana osatu egin dut. Carlos Canovas argazkilariak eta historialariak dio nire lana historia amaiezina dela. Liburuan langileen etxeetako argazkiak, nire txoko maiteak… ere sartu ditut. 2004an hegazkin txiki bat alokatu genuen argazkiak ateratzeko! Kamera ezberdinekin ateratako argazkiak daude eta liburuan eboluzio teknologikoa eta nire bilakaera agerian gelditzen dira.
Lantegiak ere asko aldatu dira.
Bai. Gustura sartuko nintzateke orain Corporación Patricio Echeverría lantegian edo Gerdaun.
Toki fotogenikoak dira.
Euskal Herriaren historia burdinari lotua dago, eta argazkilari askok landu dute gai hau: Carlos Canovasek, Patxi Cobok, Roberto Botijak, Jose Roncok, Aitor Ortizek, Jose Luis Ramirezek… Leaxpi industri paisaiak lanari esker eurak ezagutzeko aukera ere izan nuen.
‘Zumarra industri paisaiak’ egitea falta da.
Hala da. Dena den, nire interesa pizten duena CAF da. Eurek enpresako argazkiak edukiko dituzte, baina publizitarioak izango dira. Ez dut uste inork Leaxpi industri paisaiak moduko lanik egin duenik CAFen.
Egingo al zenuke?
Bai, baina halako lan bat egiteko denbora eta diru asko behar da. Leaxpi industri paisaiak egin ondoren, argazkigintza uzteko zorian izan nintzen, gaur egun ez baitut halako lan bat egiteko behar den denbora eta dirua. Laguntza beharko nuke.
Zer pentsatzen duzu Gerdau hutsik ikusten duzunean?
Asko tristetzen nau. Zer gertatu behar da instalazioekin? Jende askok hitz egiten du gai horri buruz. Lehengoan langile ohi batek esan zidan ez dela inguru horretara joaten: bizitza osoa bertan lanean eman ondoren, pena ematen dio nola bukatu duen ikusteak.
Zer egin daiteke?
Ez du irtenbide erraza. Legazpiko fabrika hutsaren hurrengoa da Gerdaurentzat. Ez badute berriro ireki behar, terrenoa herriarentzat errekuperatu beharko litzateke.