Renfek zerbitzutik kenduko ditu Ordizian istilua eragin zuten zaindariak
Maiatzaren hasieran salatu zuten hainbat herritarrek Ordiziako tren geltokian segurtasun zaindariekin izandako istilua; euskaraz hitz egiteagatik jazarriak izan ziren. Hedabideetan ohiartzuna izan zuen gertakariak eta beste hainbat kasu ere ezagutu ziren hurrengo asteetan. Renfek salaketa ugari jaso zituen eta segurtasun enpresari neurriak hartzeko eskatu zion. Hala, Berria egunkariak jakinarazi duenez, Renfeko iturriek azaldu dute larunbatetik aurrera zerbitzutik kanpo izango dira zaindari horiek.
Ordiziako geltokian euskaraz aritzeagatik izan zituzten arazoak hainbat bidaiarik maiatzaren hasieran. Txartelik zergatik ez zeukaten euskaraz azaltzen hasi ziren eta “Estamos en España y la lengua oficial es el castellano” jaso zuten erantzun gisa. Ertzainei deitu zien zaindariek eta haiek ere erdaraz egin zezaten eskatu zien, “errespetuagatik”.
Geroztik euskaldunen hizkuntz eskubideen aurkako kasu gehiago ere ezagutu dira. Hauetako batean, bi bidaiari elkarren artean euskaraz ari zirenean gazteleraz egiteko agindu zien zaindari batek. Orduan ere, herritar batek “Euskal Herrian euskaraz!” oihu egitean Ertzaintzari deitu zioten. Etorkinen aurka ere aritu izan direla salatu dute bidaiariek.