Barraskiloen pare
Eguraldi onarekin, barraskiloen antzera, hasi da jendea batera eta bestera bidaiatzen. Barraskiloen antzera asko, bizitokia eurekin eramanez. Autokarabana, karabana, furgoneta… Geroz eta gehiago ikusten dira nonahi. Beste herrialde batzuetan oso errotua dagoen bidaiatzeko modu horrek, geroz eta zale gehiago ditu, baita Goierrin ere.
Horrelakoak gustuko dituzten gehienek gailu horiek ematen duten askatasuna maite dute: askatasuna nahi duzun lekura joateko, askatasuna nahi duzun ia leku guztietan lotan gelditzeko, askatasuna nahi duzunean jateko eta nahi beste denbora igarotzeko…
Goierriko guneak
Orain gutxi arte halakorik ez bazegoen ere, Goierrin geroz eta gehiago dira horrelako gailuentzako egokitutako guneak. Orain gutxi inauguratu duten Beasaingo Igartza aparkalekuan eta Zegamako Aizkorriko Ataria-Anduetza Baserriaren ondoan ur grisak botatzeko, ur garbia hartzeko eta elektrizitatea hartzeko aukera dago (elektrizitatea, bi lekuetan, diru gutxi kostatzen den fitxa batzuk erosita), eta Beasaingo Gureak gasolindegian ere badago ur grisak botatzeko lekua…
Bizimodu hori gustuko duen horietako bat da Jose Luis Garmendia (Etxarri-Aranatz, 1939). Mendia eta argazkilaritza ditu zaletasun, eta horrek eta bizimodu hori gustatzeak esperientzia handia emand dio. Bizileku finkoa Urretxun badu ere, bigarren bizilekua ere gustu-gustukoa du. Barraskiloak bezala, bizilekuarekin batera mugitzea du gustuko, lolekuaren eta jantokiaren bila ibili gabe.
1964an egin zuen lehen kanpin-denda. «Ordurako nonbait ikusia genuen kanadar motako kanpin-denda horietako bat, eta Pasaiako portura joan eta olana erosi nuen, eta amak josi zuen, denda eginez. Anaia eta biok Vespa batean Kantauriko itzulia egin genuen denda estreinatuz: Garoña, Santander… Ederki pasa genuen».
Ondo aprobetxatu zuten lehen kanpin-denda hura, eta bere emaztearekin eta seme-alabekin oporretara joateko erosi zuen bigarren bat, handiagoa.
«Probetxu ederra atera genien, bai lehenengoari eta baita bigarrenari ere; opor guztiak horrela ibiltzen ginen. Atoia trastez bete eta hala joaten ginen Belaguara, Pirinioetara… Gauetan sua egin, izarrak ikusi…», dio Garmendiak. Baina, kanpaleku gustukoena Urbasa du: «Astero ez bada, bi astez behin behintzat joaten gara oraindik ere».
Kanpinetik furgonetara
Seme-alabak kozkortutakoan bigarren eskuko furgoneta erosi zuten eta egun Volkswagen bat daukate. Jose Luisek berak egin zizkion moduluak, bere gustura, eta guztira bost modulu muntatu ditu: bi semeentzako, lagun batentzat… bi bateria, hozkailua, sukaldea butanoarekin… «nik nahi nuen bezalakoxea».
«Hotelek diziplina eskatzen dute, monotonia… Niri naturan bizitzea gustatzen zait, zauden lekuaz gozatzea, nahi duzun lekuan gelditu eta nahi adina denbora pasatzea», dio Garmendiak. Furgoneta aukeratzearena ere ez da kasualitatea: «Karabanak eta autokarabanak baino diskretuagoa dela uste dut, nonahi aparkatzeko».
Furgoneta barruan dutxarik ez badute ere, ura berotzeko poltsa beltz berezia badute; sukaldean ere berotu dezakete ura, eta erreketako ur freskoetan bainatzea ere ez zaie asko axola. «Behin Pirinioetan mendi-buelta egin eta paradore ondoan zegoen errekan bainatu ginen. Ikaragarri hotza zegoen ura, pentsatzekoa den bezala. Gogoratzen dut, paradorean zeuden batzuk gure bainuarekin harrituta, uraren tenperatura neurtzeko eskua sartu zutela», dio barrez.
Garmendia eta familia, joandako lekuetan liburuak eta foiletoak erosiz informatzen ziren. Egun, sarean informazio asko dago, modu honetan bidaiatzen dutenentzat lagungarri.
Webguneak
Sarean webgune mordoxka dago bidaiatzeko modu honi lotuta. Hemen horietako orrialde interesgarri batzuen helbideak.
- furgovw.org. Furgonetarekin bidaiatzeko webgune erreferentea. Bertan galderak egiteko foroa, kanpatzeko legediaren berri eta abar dago. Orrialde honen barruan, mapa batean, furgonetarekin edo beste gailu batzuekin lo egiteko moduko lekuak daude markatuta, batez ere Europakoak. Puntu horietan klikatuta, hango argazkiak ere ikus daitezke.
- acpasion.com. Autokarabanekin bidaiatzen dutenentzat zuzenduta badago ere, informazio interesgarri ugari du: bidaiatzeko proposamenak, zerbitzuguneak…
- feaa.es.Federación Española de Asociaciones Autocaravanistas.
- areasac.es. Zerbitzu-guneak eta parkingak.
- viajarenautocaravana.com. Biadaiatzeko proposamenak.