Suaren eskola
Ordiziako Sueskolan ez dira soilik suhiltzaileak trebatzen. Su Eskolan suhiltzaileez gain, norbanakoak zein enpresa jakinetako langileak hartzen dituzte. Eskolaren helburua prestakuntzaren bidez suteen prebentzio kultura bat hedatzea da. Zeregin horretan bi dira Sueskolan lantzen dituzten adarrak: formakuntza eta sentsibilizazioa.
Sueskolak fundazio izaera du. Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Osalanek osatzen dute; Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea da. Prebentzioaren helburua lortu bidean Sueskolaren ekintzen dekalogoa honakoa da: gizartearen autobabesaren kultura indartzea, formatzaileen bidez ezagutza kudeatzea, ezagutza zabaltzeko ikastaroak ematea, profesionalek jakintza berritu dezaten baliabideak jartzea eta segurtasuneko protokoloak zein gidaliburuak sortzea, besteak beste.
Ekintza horiek guztiak burutzeko duten baliabiderik inportanteena Sueskolaren eraikin bera da. Eraikin inteligentea da eta elementu guztiak gela bakar batetik kontrolatu ahal dira. Ingurumenarekin errespetua duen eraikina da; esate baterako, erabiltzen duten ura zirkuitu itxi baten bidez berrerabilgarri bihurtzen dute. Eta eraikinak hamaika simulazio egiteko guneak ditu.
Simulazioak egiteko bi gune nagusi dituzte. Batean gasak sortutako suteak eragiten dituzte; bestean fuelak eragindakoak. Horrez gain, dorreak eta horma altuak dituzte erreskate simulazioak egiteko; kanpoaldean autoak ere sutan jartzen dituzte halako erreskateak frogatzeko.
Kontrol gelatik bertatik suteak sortzen dituzte nahi duten gunean. Gas eszenatokiak etxebizitza baten antza du, etxebizitza batean egon daitezkeen gela guztiak daude bertan. Hala garajetik hasi eta bertan gordetako autoak su hartu dezake. Koadro elektrikoa ere bertan dago eta hura ere sutan jarri dezakete. Eskaileretan gora eginda sukaldea, egongela, haurren gela, logela nagusia eta bulegoa daude.
Simulazio bat
Koadro elektrikoari su eman diote. Segundo batean sutan dago eta gela berotu egiten da erabat. Suak nahiz beroak sabaira igotzeko joera dutela dio Mikel Albisu Sueskolako formatzaileak eta belauniko jartzeko gomendioa egin du. «Sabaiko tenperatura ehun gradutik gora igo daiteke eta behealdean hogeita zazpi graduan egon gaitezke», dio Albisuk aldea nabarmenduz. Sute baten aurrean, horrenbestez, inportantea da gelaren behealdean uzkurtzea.
Behin sua piztuta simulazioaren hurrengo urratsa kea sortzea da. Ez da benetako kea. Begietan ez du hazkurarik sortzen, ezta eztarrian ere. Egiazko kea balitz maskarak ezinbestekoak lirateke. Albisuren hitzetan, «suteetan zauritu zein biktima gehienak keak sortzen ditu». Keak, zalantzarik gabe, are beldurgarriagoa egiten du sutearen eszena.
Fuel eszenatokia profesionalak trebatzeko erabiltzen dute. Eraikinaren azken atala da eta kanpotik fuela bezain beltza da; barrutik keak paretak belztu ditu honezkero. Fuelaren usaina barruraino sartzen da.
Sueskolako eraikinean dauden simulazio gune guztietan segurtasun neurri andana dago. Gela barrutik simulazioa bertan utzi daiteke botoi bat sakatuz; kontrol-gelatik ere bai.
Sueskolan ikastaroak egiten dituzte haurrek zein helduek. Norbanakoez gain, enpresetako langileak ere joaten dira. Enpresa kimikoak, siderurgiak, logistikan aritzen direnak, fundizioak… «Suteak edozein enpre- sa motatan sortu daitezke», dio Josu Idigoras Sueskolako langileak. 2009 urtean martxan jarri zutenetik 10.000 bat lagunek ikastaroak egin dituzte. Ikastaro eskaintza zabala da, oinarrizkoetatik hasi eta maila goreneraino. Ikastaroetan parte hartzeko materiala bertan banatzen dute. Litekeena da ikasleak motibazio gutxirekin iristea Sueskolara, baina han ikusteko dagoena bizi eta gero, ikasitakoak enpresarako nahiz norberaren etxebizitzarako balio duela agerikoa da. Sua aurrean segurtasun guztiz jarrita erakusten dute sute batekin topo eginez gero zer egin behar den azaltzen dute.