Adosteko daude Ordiziako alde zaharrera sartzeko sistemaren xehetasunak
Ordiziako erdigunean sartzeko orain arteko sistema alde batera utzi eta berria aztertzen ari da Ordiziako Udala. Lehen bezala, alde zaharreko kaleetara bertako bizilagunek eta saltokietara edo tabernetara doazen banatzaileak izango dute sartzeko aukera. Beasaingo sistemaren antzera, kamera bidez baimenduen zerrendan erregistratuta daudenen matrikuladun autoentzat horian jarriko da semaforoa. Orain dauden pibote eta txartelak, semaforo gorriak ordezkatuko ditu.
Sistema aldatzeko asmoa eskuartean izanda, bere proposamena herritarrekin kontrastatzeko bi bilera egin zituen joan zen astelehenean udalak, baita merkatariekin eta ostalariekin ere beste bat. Bilera horietan jasotako iritzien eta proposamenen aurrean, udalak bere asmoa berraztertzea erabaki zuen, eta beste bat adostea. Erabiliko duten sistema kamerena izango den arren, ordutegiak eta beste hainbat xehetasun erabakitzeko daude. Udalak berak ere hala jakinarazi zuen ohar bidez.
Aitor Escalante Ordiziako Udaltzainburuak ere oraindik sarrera-irteera sistema berriak izango dituen aldaketaren xehetasunak zehaztu gabe daudela ziurtatu zion atzo Goierriko Hitzari. Bestalde, dagoeneko sarreran aldaketak egiten aritzea normala dela zioen, «era batera edo bestera sistema aldatu egingo delako». Aldaketak abuzturako edo irailerako zehaztea espero duela zioen udaltzainak.
Udalari kritika EAJk
Jose Migel Santamaria EAJko zinegotziak hedabideak deitu zituen atzo Kale Nagusiko sarreretako batean aldaketaren gaineko bere iritzia emateko. Udalak dagoeneko zein aldaketa egin erabakia duela zioen berak; «Bilduk kontrakoa egiten duelako, lehenik sarrera aldatzea erabaki eta ondoren informatu», zioen. Erdigunean auto mugimendua «ez dela gehiegizkoa» zioen Santamariak eta udalari «arazo berriak» sortzea egotzi zion.
Kamera eta semaforo bidezko sistema izango da, baina xehetasunak zehazteko daude» Aitor Escalante (Udaltzainburua) «Udalak iritziak kontuan hartuko dituela dioen arren, dagoeneko erabakita dute zer egin» Jose Migel Santamaria (EAJko ziengotzia) «Haserre gaude EAJk ez duelako udalean ezer proposatu, hedabideen aurrean soilik» Iban Asenjo (Mugikortasuneko zinegotzia)Sistema berriarekin arazorik ez zuela aitortu zuen arren, udalari bizilagunen eta merkatarien iritzia kontuan hartzeko eskatu zien. Erdiguneko jarduera ekonomikoa suspertzearen alde apustu egiteko eskatu zuen eta «aparkaleku falta serioa lantzeko». Udala, harrituta EAJko zinegotziaren agerraldiarekin harrituta eta haserre agertu zen Iban Asenjo Garapen Iraunkor eta Mugikortasuneko zinegotzia. Guztiz gezurtatu zuen Asenjok sistema berria finkatua dagoenik. «Guri interesatzen zaigu herritarren iritzia jasotzea, kasu honetan erdiguneko bizilagunena eta merkatariena. Gure asmoa aurkeztu genien, euren proposamenak jaso genituen eta horiek aztertzen ari gara; ondoren erabakiko dugu nola egin», zioen Asenjok. Ordizian egin dituzten trafiko aldaketak eta alde zaharreko sarrerena ere Mugikortasun Planean jasota daudela dio, eta Mugikortasun Sailaren izenean gogor kritikatu zituen EAJko zinegotziaren hitzak: «EAJk udalean ez du inongo proposamenik egin ez gai honi buruz, eta dakiguna hedabideen bidez dakigu», zioen Asenjok. Zentzu horretan, trafiko aldaketak Agenda 21eko foroan aurkeztu zirenean edo herritarrekin egin diren beste bileretan ere EAJk ez duela bere iritzirik eman salatu zuen atzo Asenjok.