Enpresa ekimen berrien sariak banatu ditu gaur Goiekik
Enpresa Ekimen Berrien XVII. sari banaketa egin dute gaur goizean Goiekin Ekintzaileen Egunaren baitan. Dagoeneko lehiaketaren hamazazpigarren edizioa izan da aurtengoa.
Bi kategoriatan banatuta 8 proiektu aurkeztu dira guztira Goiekiren lehiaketara. Batetik, Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onena saritu dute. Sustatzailearen irudia bultzatu eta bailaran lana eta aberastasuna sortzea hartzen dute kontuan, proiektu berritzaile, sendo eta bideragarri baten bitartez. Hala 3.000 euroko lehen saria Gailur Kooperatibak eraman zdu. Kooperatiba izateagatik Goilan Goierriko Kooperatiben Elkartearen saria ere beraiek eraman dute, 3.000 euroko beste sari bat zen.
Bigarren saria Ekilit proiektuarentzat izan da, eta hauek ere 3.000 euro eraman dituzte euren proiektua garatzeko. Ekiliten sustatzaileak Unai Sanz, Bittor Bolinaga, Iker Ayerbe, Javier Sanz, Miguel Perez eta Jon aldazabal dira.
Bigarren kategoriari dagokionez, enpresan buruturiko proiektu berritzaile onenaren saria Areavan proiektuarentzat izan da; 1.000 euro eraman zituzten Borja eta Markel Urretabizkaiak. Areavan karabanak, autokarabanak eta camper furgoneten alokairu eta salmentarako plataforma bat da.
XVII. ekitaldi honetan ere iaz martxan jarri zen esperientzi pilotuari jarraipena eman diote. Eskualdeko gazteen artean kultura ekintzailea sustatzeko asmoz, 2013-2014 ikasturte honetan ere ikasleak eta enpresak harremanetan jarri dituzte. Enpresek planteatu duten behar zehatz baten inguruan bideragarritasun plan bat landu behar izan dute. Guztira 6 proiektu landu dira eta proiektu honetan kolaboratzaile gisa Goierri Eskola, Lortek eta Goieki aritu dira. Azken kategoria honetan, beraz, saria Ampo proiektuarentzat izan da. Eko balbulen diseinuan oinarritu dute proiektua.