‘Ondoko hilobiko tipoa’ antzezlana.
Astelehenean hasi ziren Lazkaoko Maizpide euskaltegian 40. Udako Ikastaroak. Hiru hilean, hamabost eguneko euskara ikastaro trinkoak eskainiko dituzte, barnetegi eran. Ikasleek bi aste egingo dituzte, egunean zortzi ordu euskara klaseak jasoz. Ohikoa den moduan, Udako Ikastaroen osagarri den kultura egitaraua ere prestatu du Maizpidek. Gaur hasiko da, eta irailaren bukaerara arte hamabi ekitaldi izango dira. Uztailekoak Lazkaoko plazan garatuko dira; abuztukoak eta irailekoak, Maizpiden.
Goierriko bertsolari gazteen saioa da lehena, gaur 22:00etan. «Besteak beste, Jon Plazaola izango dugu gurekin; antzerkia ere bai (Ondoko hilobiko tipoa), Oihan Vega bakarrizketatxo bat egiten, Dhuna taldekoak, urteroko klasiko bat dugun Koldo Ameztoi… Lehenengo aldiz, Bi Bala bertso eta musika ikuskizuna ere bai, Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariekin. Hori izango da, gutxi gora-behera, urteroko plana», dio Maizpideren zuzendari Jon Urdangarinek.
AEBetako bost ikasle
Udako ikastaroen lehen ekinaldian, Amerikako Estatu Batuetako taldetxo bat hasi da, Maizpiden. Mary Araquistain, Helen Faulkner eta Ysabel Bilbao Idahotik heldu dira, David Perez Kaliforniatik, eta Xabi Illinoisetik, euskalkultura.com webguneak berri eman duenez. Norvegiar jatorriko Daniel Henriksen ere badago taldean. NABOko (Ipar Ameriketako euskal erakundeen federazioa) euskara arduradun Itxaso Cayerorekin etorri dira.
Araquistainek izan ezik, besteek lehen aldiz hartuko dituzte eskolak irakasle batengandik. Orain arte Internet bidezko Boga programarekin ikasi dute.
EGITARAUA:
- Uztailak 3. Goierriko bertsolari gazteak: Eneko Araiztegi, Aratz Igartzabal, Aitor Irastortza, Gemma Urteaga eta Joanes Etxaide. Gai jartzen Ainhoa Mujika. Plazan, 22:00etan.
- Uztailak 9. Jon Plazaolaren bakarrizketa. Plazan, 22:00.
- Uztailak 16. Joxemari Karrere ipuin kontalaria. Plazan, 22:00.
- Uztailak 23. Antzerkia: ‘Ondoko hilobiko tipoa’. Plazan, 22:00.
- Abuztuak 6. Oihan Vegaren bakarrizketa: ‘Zergatik praktikatzen dugu sexua gazteleraz?’. Maizpiden, 21:30ean.
- Abuztuak 13. Dhunaren kontzertua. Maizpiden, 21:30.
- Abuztuak 20. Bertso afaria: Iban Urdangarin eta Beñat Gaztelumendi. Maizpiden, 20:30.
- Abuztuak 27. Ixabel Milleten ‘Emozionategia’. Maizpiden, 21:30.
- Irailak 3. Bertso afaria: Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Sarriegi. Maizpiden, 20:30.
- Irailak 10. Eneko eta Miyuki, ‘Tandemean Hego Amerikan barrena’. Maizpiden, 21:30.
- Irailak 17. Koldo Ameztoiren ‘Biderditan’. Maizpiden, 21:30.
- Irailak 24. Aitzol Barandiaran eta Ander Izagirre, ‘Bi bala’. Maizpiden, 21:30.