«Programak oso formatu polita du; lau saio izango dira eta bosgarrena, finala»
Beasainen jaio, baina, Ordizian bizi den Maria Amolategi (Beasain, 1987) musikariak Stars. Izarrak kalean lehiaketa aurkeztuko du, Haritz Leterekin batera, ETB1 telebista katean. Gaur 22:15ean hasiko da telebista saio berria. Lau saio eta final batez osatuko da lehiaketa. Bertan, aukeratutako musikariak kalera aterako dituzte eta abesten duten bitartean jendeak emanda lortzen duten diru kopuruaren arabera, irabazten edo galtzen joango dira musikariak.
Ez da, ordea, Amolategi telebistan azaltzen den lehen aldia. Tele 5 telebista kateko La Voz saioan ere ezagutu zuten askok, Sugan musika taldearekin ezagun egiten hasi zen goierritarra.
Noiztik duzu musikarekiko lotura; nondik datorkizu zaletasuna?
Musika Eskolan zazpi urterekin hasi nintzen eta pianoa jotzen ikastea aukeratu nuen, baina, kantatu txiki-txikitatik egin dut. Pianoa erabiltzen nuen nire abestiak sortu eta neuk kantatzeko. Nire aitak zekizkien abestiak nekizkien nik; letrarik ez nuen ulertzen, baina… Aita eta amak oso ondo abesten dute, eta niretzat garrantzitsuagoa dena; belarri ona dute.
Noiz abestu zenuen jendaurrean lehen aldiz?
ETBko Euskaraokean, hamaika-hamabi urterekin aurkeztu nintzen Beasainen egin zen saioan. Irabazi egin nuen eta final handia Durangon egin zen eta hura ere irabazi egin nuen… Euskaraokea uste dut hiru urtez egin zutela eta hiru urteetako final handia ere hurazen. Futuroscopera (Frantzia) bidaia irabazi nuen.
Noiz hasi zinen taldean jotzen?
Hamabost-hamasei urterekin, Eli, Garazi, Victor eta laurok hasi ginen elkartzen, Sugan sortuz, baina, Musika Eskolatik atera berri zen Sugan bat zen. Garazik konposatzen zituen abestiak, eta esan zidan «Maria, kantatuko duzu?», eta nik «Eli, zuk ahotsak egingo dituzu?», eta hiruron pianoko irakasle zen Arantxak esan zigun: «Eta bateria bat sartzen baduzue?»… Victorrek hasieran ez zuen nahi, hiru neskekin, baina… Horrela hasi zen dena.
Bi disko kaleratu zenituzten. Noiz?
Jon Eskisabel ere batu zen taldera. Diskoak ateratzeko pausoa handia izan zen niretzat. Lehena 2006an kaleratu genuen, eta bigarrena 2008an. Kontzertu asko egin genituen, baina, taldekide bat kanpora joan zen, lana, denbora falta, ordutegiak bategitea kostatzen zitzaigun… eta amaitu egin zen.
Suganekin ezagun egiten hasi zinen, baina, ‘La Voz’-en agertu izanak are ezagunago egin zaituela esan liteke. Aspaldi zenuen horrelako zerbaitetan parte hartzeko gogoa?
Une hartan lanik gabe nengoen, eta parte hartzera deitzen zuen iragarkia ikusi nuen telebistan. Beti izan dut barruan duda edo erronka hori; ia zertara iritsiko nintzatekeen horrelako batean. Eta dudan nengoela, Elik deitu zidan, parte hartzera animatuz.
Erraza izan al zen sartzea?
Erantzungailu automatiko batean egin behar zen lehen pausoa. Izen-abizena, nongoa zinen, zure ibilbide musikala… kontatu behar zenituen. Aukeratua banintzen deituko zidatela esaten zuen. Lehen aukeraketa fasera pasatzeko aukeratua izan nintzela esan zidaten. Orduan, audio bat eta irudiak bidali behar nituen: euskaraz, gaztelaniaz eta ingeleraz kantu bana bidali nituen eta argazki batzuk ere bai. Beasaingo festetako koadrila egunean deitu zidaten onartua izan nintzela esateko, eta ni ia ahotsik gabe nengoen. Joan nintzen eta zenbaki bat jarrita abestu nuen.
Bukaeran «eskerrik asko etortzeagatik, deituko dizugu onartzen bazaitugu» esan zidaten, eta esperantza handirik gabe atera nintzen. Hura ere pasa nuela eta Madrilgo castingera joateko deitu zidaten ekain bukaeran. Ni Mallorcan nengoen amarekin. Hegazkina hartu eta hala joan nintzen. Nabari zen jende gutxiago geundela han, baina beti ateratzen zara edozer gerta daitekeela pentsatuz. Hortik aurrerakoa telebistan ikusi da: Rosariok buelta zein azkar eman zuen… Kantatzen eta entseatzen baino denbora gehiago pasa dugu beste gauza batzuk egiten, baina, han zaude eta hango dinamika jarraitu beharra duzu.
Gustura zaude egindakoarekin?
Ez naiz inoiz horrelako programetan parte hartzeko zalea izan, baina, denbora libre nuen eta aukera aprobetxatzea pentsatu nuen. Orain harro nago aurkeztu eta oso aurrera iristea lortu nuelako. Gainera, jende mordoa ezagutu dut. Lehenengo ezkutuko entzuldia delakoan oso gaizki pasa nuen. Abesterakoan dardarka nengoen, ahotsa, masailak,.. dena dardarka nuen. Kanpotik ez da ikusten baino ezkutuko entzunaldia delakoa sei egunetan grabatzen da. Jantzi berdina janzten dute egun guztietan. Nik bosgarren egunean abestu nuen, eta beraz, banekien aurrez beste asko zeudela aukeratuta, eta aulkietan zeudenek hasieran baino jende gutxiago aukeratu zezaketela. Hamaseitik bosgarren egunerako Bisbalek hamalau zituen hartuta… Zailagoa da sartzeko aukerak izatea. Presio gehiago genuen. Lehen batailan sueltoago, lasaiago ikusi nintzen. Eta horrek autoestimua igo zidan. Baina, banekien ez nintzela askoz aurrerago joango. Ez beste ahotsak hobeak zirelako edo ez… baina, nabaritzen nuen programaren parte ez nintzela… beste batzuk oso sartuta zeuden programan. Ni ez naiz horrelakoa. Nirea gehiago zen «ia noraino iristen naizen»; baina, gainerako parafernalia guztia ez zihoan nirekin. Ez nuen hainbeste joko ematen telebistarako. Hor, nahi dutena nahi dute. Bigarren batailan Brigittek irabazi zuen eta etxera joan nintzen.
Harremanetan jarraitzen duzu han egindako lagunekin?
Hasieran ez dute uzten Tele 5ekoek, paper kontuegatik, baina, aurrera begira baditugu bai asmoak elkarlanean ibiltzeko. Elkarrekin kontzertuak egiteko, gauza informalak.
Eta gaur, ETB 1eko ‘Stars. Izarrak kalean’ saioa aurkezten azalduko zara, Haritz Leterekin batera. Nolatan hasi zara orain aurkezle lanetan?
‘La Voz’-en agertu izanak ate asko ireki dizkidala iruditzen zait. Saio hori egiteko asmoa zuten eta aurkezleak behar zituzten, eta nire perfila ondo egokitu zitekeela iruditu zitzaien. Casting bat egin genuen, eta halaxe.
Zertan datza saio hau?
Oso formatu politeko saioa da; lau saio izango dira eta bosgarrena, final handia. Sorpresak errealak izango dira. Partehartzaileen etxeetara edozein unetan joaten nintzen. Jendea txandaletan, mototsarekin… harrapatu dut. Hori da saio horren politena. Freskoa da. Ordu bete dute prestatzeko. Mugikorrak kentzen dizkiegu familiakoak ez enteratzeko. Haritzengana bidaltzen ditut nik eta kalean abesten hasten dira. Jendeak botatzen dituen txanponen arabera irabazi edo galtzen dute.
Banaka parte hartzen dute?
Banaka edo binaka. Gehienak bakarka. Musika instrumentuak jotzen dakitenek, jo egiten dute, eta ez dakitenei base bat jartzen diegu. Batzuetan, ondo abestea baino jendearengana iristea da kontua. Dena baloratzen da: animatzen zaituen, zer helarazten dizun…
Proiektu berririk ba al duzu?
Bai, talde berri bat sortzen ari nintzen ‘La Voz’-era joan aurretik ere, Victor Sanchezekin batera, Suganeko bateriarekin. Ingelesez abestutako abestiak izango dira, nik pianoarekin sortutakoak. R&B estiloko musikaren tankera duela esango nuke. Base elektronikoak jarriko dizkiegu abestiei, ahots asko, asko landutako abestiak. Musika estilo hori euskararekin eta ingelesarekin bat ez zihoala ikusi genuen: ingelesez da musika hau. Eta kontzertuetan base horiek ere izango ditugu, baita ahotsak ere, baina ahots nagusia momentuan abestuko dut. Jotzen hasteko desiratzen nago.