Uda Goierrin igaroko duten haur sahararrekin festa egingo dute gaur Zaldibian
Ostegunean eta ostiralean iritsi ziren Saharatik uda Goierrin igaroko duten haurrak. Aurten hamahiru dira eskualdeko harrera familiek hartuko dituztenak: zortzi Goierri garaian (Zumarragan, Urretxun eta Legazpin) eta bost behean (Ataunen, Beasainen eta Ordizian). Hego Euskal Herrian 300 bat haur egongo dira. Etxe berrira egokitu dira egunotan, eta gaur elkartuko dira Goierri behean dauden bost haurrak eta familiak Zaldibian, festa egiteko.
«Elkartasunari eta konpromiso politikoari» esker etorri dira aurten ere haur sahararrak. Izan ere, gabezia harrera familietan nabaritu dute Goierriko Sahararen Aldeko Lagunak elkartekoek: «Azken urteetan haur kopuruak behera egin du, eta Goierriko harrera familiek berdinak izaten jarraitzen dugu. Dei berezia egiten dugu, hurrengo urteetan familia gehiago anima daitezen», dio Ainara Lasak.
Duela zortzi urte 16-17 harrera familia zeuden Goierri behean; gaur egun bost sendi dira. Euskal Herrian, 450 haur etortzetik, aurten 300era ez dira iritsi. «Bilakaera beheranzkoa da, arrazoi desberdinengatik: finantzazio ekonomikoagatik eta harrera familien kopuruak ere behera egin duelako. Askotan, haur baten zikloa betetakoan, ez dira animatzen beste batekin hastera; ez dute jarraitzen».
Udalek finantzatzen dute, neurri batean, Oporrak bakean programa. «Laguntza maila mantentzen dute, eta haur saharar gehiagoren etorrera posible egiten da. Eskerrak, beraz, Goierriko udalei. Baita harrera familiei ere». Udalak herrian hartzeko prest egon arren, familiak behar dituztela nabarmendu du elkarteak.
EKITALDIAK
Zaldibia
- Gaur. Goizean, haur sahararren eta udalekuetako haurren topaketa. Bazkaria, plazan. Ondoren, jolasak. 16:30ean, apar festa plazan. 18:00, ekitaldia.
- Uztailak 9. Goizean, haur sahararren eta errugbiko udalekuetako haurren topaketa. Azokara bisita. Jolasak, igerilekuan.
- Uztailak 10. Arrate Leunda ipuin kontalaria, plazan. Udalak harrera egingo die.