Udalean ekarpenik egin gabe, herritarrak nahasten aritzea leporatu diote Jose Migel Santamariari
Ezohiko agerraldi batean, alde zaharrerako autoen sarrera eta irteera sistema aldaketaren berri eman du Ordiziako Udalak gaur arratsaldean. Udalak eskuartean zuen proposamena bizilagun, ostalari eta merkatariekin kontrastatu zuen eta, orain, jasotako proposamenekin nolako sistema ezarri lantzen ari dira. Asteartean, baina, prentsaurrera atera zen EAJko zinegotzi Jose Migel Santamaria Udalaren egitasmoaren gaineko iritzia ematera, eta aldaketaren beharrik ez dagoela eta udalak aldaketak herritarren iritzia kontuan hartu gabe egiten dituela esan zuen, besteak beste.
Harrituta hartu dute udal gobernukideek Santamariaren agerraldia eta haserre agertu dira ondoren. “Gezurretan” aritzea leporatu diote EAJko zinegotziari, “hedabideen bidez herritarrak nahastea” eta udal agenda ezingo duela hedabideen bidez finkatu jakinarazi diote.
Igor Eguren alkatea eta Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotzia udal gobernuko gainontzeko kideez lagunduta atera dira prentsaurrera, herritarrei argibideak eman, eta azken asteetan EAJk hartu duen jarreraz udalak duen iritzia plazaratzeko.
Sistema aldatu beharra
Ordiziako Udalak alde zaharreko autoen sarrera eta irteera sistema aldatu eta hobetzeko asmoa du gaur egun dagoen pilonen sistema zaharkitua geratu delako. Udalak argitu du, gainera, sistemaren behin betiko aldaketaren xehetasunei buruzko erabakiak merkatari, ostalari eta herritarrekin hitz egin ondoren hartuko dituela.
Egurenen arabera pilonen sistemak betidanik eman ditu arazoak, mantenu garestia dute eta bideo-kamerak aldatzeko beharra dago, irudien kalitatea eskasa delako. Hori dela eta, ikuspegi tekniko batetik aukerak aztertu eta teknologikoki hobekien baloratutako sistema aukeratu du udalak. Kamerak autoen matrikulak irakurtzen ditu, pilonak jaitsita mantentzea baimentzen du, eta horri esker, oztopo fisikoa desagertu egiten da. “Sistema hau aurreko agintaldian EAJk Beasainen ezarri zuen bera da. Hori bai, guk proposatutako ordutegiak Beasaingoak baino malguagoak dira”, esan du egurenek.
Herritarrekin bilerak
Oraingo sistema gaizki soilik herritar gutxi batzuk erabili dutela esan du alkateak. “Aldaketa hau ez da zigortzailea izango, zuzentzailea baizik”, esan du. Hala, ordutegi berriak zehaztu aurretik, merkatariekin, tabernariekin zein bizilagunekin bilerak egin dituzte. 120 lagun inguruk hartu dute parte bileretan.
Alkatearen esanetan, bileretan jasotako iritziekin landuko du sistema udalak, eta erabakia hartzen duenean jakinaraziko du. “Erabakiak hartzeko momentuan kolektibo guztien intersak kontuan hartzen saiatuko gara, dendari, tabernari eta bizilagunena, baina baita ere bezeroena, umeena eta adinduena”, esan du.
EAJren jarrerari kritika
Iban Asenjo zinegotziak, bere aldetik, gogor kritikatu du EAJko Jose Migel Santamaria izaten ari den jokabidea. “Santamaria jaunak hilabeteak daramatza udal gobernu hau kritikatzen, Mugikortasun Saila bereziki, udalean inongo ekarpenik edo proposamenik egin gabe. Hedabideen bitartez soilik daukagu EAJren iritzien berri. Santamariak aukera izan du bere iritziak, ekarpenak zein kritikak egiteko, baina udalean ez du bat bera ere aurkeztu”, esan du.
Asenjoren iritziz EAJko bozeramailearen asmoa ez da ordiziarren arazoak konpontzea: “Santamaria jauna oso luzea egingo zaion hauteskunde kanpaina batean murgilduta dago, udal gobernu hau desgastatzeko asmo bakarrarekin”. Mugikortasun zinegotziaren esanetan, gainera, “gezurretan” aritu da EAJkoa. Asenjoren hitzetan “ondo daki udal gobernu honek luzatu duena proposamena baino ez zela, beraiekin batera kontrastatzeko, eta erabakia hartu gabe dagoela”. Pilonen sistemarekin arazoak daudela ere jakitun da Santamaria Asenjoren arabera, “bera alkate zela EAJko zinegotzi bat behin eta berriz kexatzen zen txartelaren erabilera okerraz”, esan du.
Hala, alkate izan zen garaian herritarrei zein iritzi eskatu zien galdetu dio Asenjok: “Norekin bildu zen Santamaria jauna? Ze iritzi eskatu zien bizilagunei? Bat bera ere ez. Ez dadila etorri orain parte hartze lezioak ematera”.
Herritarrekin biltzen, herritarrei entzuten eta erabakiak lasaitasunez eta seriotasunez hartzen jarraituko duela esanez amaitu du Asenjok: “EAJk ekarpenak, proposamenak eta kritikak egin nahi baditu, udal gobernu hau prest dago, beti egon den moduan, entzun eta aztertzeko, baina EAJk jakin beza udal gobernu honen agenda hedabideen bitartez ezingo duela finkatu”.
Asenjoren ustez, Santamaria “etengabeko kanpainan” dago, baina adierazi du Ordiziako udal gobernuak “tinko eta arduraz” jarraituko duela lanean.