Zegaman asteburuan ospatuko dute XV. Aizkorriko Lagunen Eguna
Duela hamabost urte hasi ziren Zegaman Aizkorriko Lagunen Eguna ospatzen. Urtero, uztaileko lehen igandean, hainbat ekitaldi antolatzen dituzte mendiaren bueltan, mendia maite dutenek elkarrekin egun atsegina igarotzeko xedez. Alabaina, igandean ez ezik, larunbatean ere izango da zertaz gozatua Zegaman. Anduetza parketxean Imanol Artolak egindako artelanen erakusketa inaguratuko dute 11:00etan.
Artolari ez zaio arrotz Anduetza parketxea; hain juxtu ere bera ibili izan da bertako egur bilduma inguruan lanean.
Oraingoan, baina, egurra ardatz hartuta, zerbait berria egin du Artolak. «Beti egurrak biltzen aritu izan naiz, oso gertutik ezagutzen ditut, eta oraingoan, pauso bat harago joan nahi izan dut»
Artolaren bigarren erakusketa
Nabaria da egurra ondo ezagutzen duela, eta baita natura bere egunerokotasunean funtsezkoa dela ere. Izan ere, bere artelanetan naturako elementuak eta irudiak somatzen dira. Artolak material ezberdinak uztartu ditu, baina hori bai, betiere egurra ardatz hartuta; hala, bere eskulturetan, harria, burdina, alanbrea, edota beira dira egurraren lagun.
Erakusketa hori Artolak egiten duen bigarrena da. Lehena Oñatin egin zuen, bertako Natur Eskolak gonpidapena luzatuta, eta orain, bere herrian emango ditu ezagutzera eskulturak.
Erakusketak, oraingoz, ez du amaiera datarik; horrenbestez larunbatetik aurrera ere artelanak ikusi ahal izango dira Anduetza parketxean. Irailaren 30era arte, asteartetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egongo da irekita parketxea, eta igandeetan zein jaiegunetan 10:00etatik 14:00etara.
Erakusketa inauguratzeaz gain, larunbatean, 11:30ean, Xiloteka irekiko dute. Xilotekan mundu osoko 1.300 egur lagin baino gehiago daude. Normalean, Xilotekako piezak bitrinetan egoten dira, eta ezin izaten dira ukitu. Etzi, baina, Anduetzara bertaratzen direnek gertutik ikusi eta ukitu ahal izango dituzte piezak, eta gainera, hobeto ezagutu ahal izango dituzte, Imanol Artolak berak azalpenak emango baitizkie. Era berean, Anduetza parketxetxeko egur-bilduman 177 enbor daude, autoktonoak zein aloktonoak, bi eratara moztuak. Horiek ere ikusi ahal izango dituzte bisitariek.
Mendi irterra eta jan-edana
Aurtengoan ere mendi irteera egingo dute Aizkorrira. Batzuk herriko plazatik abiatuko dira 06:00etan; beste batzuk, aldiz, 08:00etan ekingo diote ibilaldiari Aldaolako aparkalekutik. Bi ibilbideetan Amezti Mendi elkarteko kideak ariko dira gida lanetan.
Horrez gain, azken urteetan egin duten moduan, 12:00etatik 15:00etara herriko plazan eusko labeldun hegaluzea dastatzeko aukera izango dute Zegamara hurbiltzen diren guztiek. Janariari laguntzeko, gainera, sagardoa ere izango dute dastagai.