Idiazabalgo eskaintza turistikoa aurkeztu dute
Idiazabalek uda honetan ere bisitariei aukera ugari jarriko dizkie eskura. Gaur goizean eman dute ekintza horien berri Igarondo pilotalekuan egindako prentsaurrekoan. Han izan dira, Ioritz Imaz, Idiazabalgo alkatea; Leire Arandia, Gaztaren Interpretazio Zentroko eta Idiazabal Turismoko ordezkaria; eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendaria. Eurekin batera, Idiazabalgo hainbat artzain eta igerilekuko arduradunak izan dira.
Idiazabalgo alkateak herriaren izenak berak bisitariak “erakartzen” dituela adierazi du, nolanahi ere, udara begira, eta urtetik urtera “eskaintzak berritzeko ahalegina” egiten dutela aipatu du, ahalik eta eskaintza “erakargarrienak” izateko xedez.
Ahalegin horren erakusle dira uda honetarako prestatutako jarduerak. Leire Arandia, Gaztaren Interpretazio Zentroko eta Idiazabal Turismoko ordezkariak esan duenez, udan bisitari kopurua “asko” igotzen denez, saiatzen dira opor garairako zerbait “berezia” antolatzen. Aurtengoan, Igarondo igerilekurako doako sarrera izango da berrikuntza nagusia. Gaztaren Interpretazio zentroak museoko bisita osatzeko gazta dastaketa eskaini ohi du. Bi zerbitzu horiez gain, bisitariek txakolin edo ardo dastaketa egiteko aukera ere izango dute uda honetan. Hiru eskaintzak hartzen dituzten bisitariek izango dute, hain zuzen ere, Igarondo igerilekuan doan sartzeko aukera. Arandiak berrikuntza hau “aukera polita” izan litekeela herrira etorritakoentzat nabarmendu du.
Halaber, bisitariei pakete turistikoak eskaintzen jarraituko dutela azaldu du Arandiak. Esaterako, Astigarrako Sagardo Etxearekin elkarlanean dihardutela esan du, eta pasaporte gastronomikoa izan du hizpide; hala, museora etotzen direnei, zentroko bisitarekin batera, sagardotegiak edota gaztandegiak bisitatzeko aukera luzatuko dietela adierazi du.
Azkenik, Idiazabal Mamia proiektuaz mintzatu da. Proieiktu hau bertako produktuak eta lehen sektoreko ustiategiak sustatzeko jaio zen. Helburu horrekin, turismo eskaintzan, gaztandegietara bisitak antolatu dituzte uztaileko hiru ostiraletan. Uztailaren 11an Olazagibel baserrira egingo dute irteera; bertan latxa ardiak eta esne behiak dituzte. 18an, Ondramuño gaztandegia bisitatzeko parada izango dute. Bisita horretan, Idiazabal gazta egiteko prozesua ikusi ahal izango dute. 25ea,n Arimasagasti gaztandengira joango dira, behi gazta ekologikoa nola egiten den ikustera.
Abuztuan, berriz, 8an eta 15ean Idiazbal Gaztaren Ibilbideko zati bat egiteko aukera emango diete turistei; GR-283 ibilbidean barrena, Idiazabaldik abiatuta, Segurako Ondarre gaztandegira joan-etorria egingo dute. Bestalde, 22an Jabier Jauregi udaleko teknikariaren eskutik, Atxurbi mendiko larreak ezagutu ahal izango dituzte bisitariek. Iaz ere antolatu zuten ekintza hau, eta oso harrera “ona” izan zuen bisitarien artean.
Arandiak urtetik urtera bisitari kopurua “gora” doala adierazi du. Era berean, Goiturreko Niko Osinaldek turismoa “ez” dagoela “krisian” adierazi du. Osinaldek azaldu duenez, lehen sei hilabeteetan Goierriko turismoaren datuak “oso onak” izan dira, eta udara begira ere, ildo beretik jarraitzea espero dute. Gainera, datorren urtean, Gaztaren Interpretazio Zentroak hamar urte beteko dituela gogorarazi du, turismoa Goierrin “bizi-bizirik” dagoen seinale, Osinalderen aburuz.