Segurako historia panpinekin kontatua
Segurako historian izan diren zenbait pertsonaia herrian dira berriro, Amaia Berasategik (Zegama, 1991) fofutxa panpin moduan biziberritu baititu. Segurako Erraztiolatza museoan eros daitezke Segurako panpinak. Berasategik eskulan ugari egiten ditu, tartean fofutxa panpin pertsonalizatuak. Facebookeko Esku Lan Txoko profilean saldu ohi ditu bere artelanak.
Oraingoan, ordea, bere osaba Rafa Berasategi Erraztiolatzako arduradunak eskatuta, historian atzera egin du, eta Segurako sei pertsonaia irudikatu ditu.
Erraztiolatzako arduraduna segurar taldetxo bateko kide da. Talde hori Nabarralde elkartearekin batera, Segurako antzinako pertsonaien inguruan aritu da lanean, eta hala, orain arte herritar askorentzat ezezagunak izan diren hiru pertsonaia aurkitu dituzte.
Marizotin, Maribeltz, eta Xangarin dira pertsonaia berriak. Lehenengoak bi ostatu
zituen, bata Lizarraten, eta bestea Erraztiolatzako bailaran. Garai hartan bi ostatu izateak diruduna zela adierazten du.
Xangarin eta Maribeltz, berriz, Marizotinen bilobak ziren. AIta Gasteizen hil zitzaien Nafarroa defendatzera joan zenean 1200. urtean, eta ama, berriz, desagertu egin zen. Orduan, amonak berarekin bizitzera eraman zituen.
Zango arin
Badirudi Xangarin zango arin hitz elkarketatik eratorritako izena dela. Izan ere, mutil hau ostaturako produktuak ekartzen ibiltzen zen handik eta hemendik, eta aldi berean, gaztelarren inguruko informazioa ekarri ohi zuen.
Maribeltzi amonak belarrez zainketak egiten irakatsi zion. Pertsonaia hau Nafarroa konkistatua izan zen lekuetako dokumentuetan pertsonaia mitologiko moduan ageri da, eta zonalde guztietan ez ditu egiteko berdin-berdinak. Nolanahi ere, guztietan euskaldunei laguntzen ibili zen pertsonaia izan zela ikusten da.
Zonalde honetan, esaterako, sendagile lanetan ibili zela jakin dute, eta era berean, mugaz bestaldekoei laguntzen omen zien.
Irudiak eta informazioa Hiru horiez gain, Seguran ezagunagoak diren pertsonaien fofutxak ere egin ditu zegamarrak; Marigorri, Balentin txiki eta Maritxu irudikatu ditu.
Irudiak dokumentuetako informazioan oinarrituta egin ditu Berasategik, pertsonaiek zituzten ezaugarriak ahalik eta zehatzenen irudikatuta.
Irudi bakoitzak, gainera, bere informazioaren berri ematen duen txarteltxo bat darama, erosten duenak pertsonaia horren historia ezagutu dezan.