Biktimen aitortza eta erreparazioa
Atxiloaldiak, ihesak, fusilamenduak, errepide ertzetako hilobiak. Beldurrak, kezkak eta sufrimenduak. Asko dira argitu gabe gelditu diren pasarteak, asko gutxi batzuen oroimenean soilik gordetzen direnak. 36ko gerraren eta frankismoaren lehen urteen inguruko ikerketarik ez da egin Ordizian orain arte. Hori dela eta, ordiziar talde bat orain dela bi urte eta erdi inguru hasi zen gerrak eta frankismoak herrian izan zuten eragina aztertzen.
Gertakariak ahanzturan gal ez daitezen Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzen taldea gertaera haien inguruko egia ezagutzeko asmoz ari da lanean, baita gertaera haien biktima izan zirenei aitortza egiteko asmoz ere. Taldeak bi norabidetan egin du lan: batetik, ikerketa historia egin dute Aranzadi Zientzia Elkartearekin, eta bestetik, zuzenean herritarren testigantzak jaso dituzte. Hil arte gudari izango zela zin egin zutenekoa kontatzen duen gudaria, anaia hil zioten ahizpak nahiz gerratik ihes egin behar izan zuten familietako haurren testigantzak bildu dituzte. Guzti horien lagin txiki bat Youtuben zintzilikatua dute dagoeneko. Inguruko argazki, agiri, arrazionamendu kartilla zein kartilla militarrak jasotzen ere aritu dira.
Dokumentalean jasoa
Edonola ere, memoria historikoa berreskuratu eta dokumentatuta uzteko asmoz, jasotako informazioarekin, materialarekin eta lekukotasunekin liburu bat eta Uda minean, negua dokumentala editatzen ari dira. Patxi Zubizarreta idazle ordiziarrak prestatu du dokumentalaren gidoia. Grabazioaz eta edizioaz bestalde, Arteman Komunikazioa enpresa ari da arduratzen. Horiez gain, aktore eta dekorazio lanetan hamaika boluntario ibili dira. Ekainaren amaieran, esate baterako, Ordizian, Ormaiztegin, Zerainen zein Seguran grabaketa lanetan aritu ziren. Azarorako liburua zein dokumentala bera prest edukitzea espero dute.
Aitortza publikoa
Jasotako dokumentuak eta istorioak zabaltzearekin batera, biktimen aitortzarako ekitaldi publiko bat ere prestatu nahi du Memoria Historikoa Berreskuratzen taldeak udalarekin batera.