BKLk denboraldiko balorazio "oso-oso ona" egin du eta datorren urteko plana osatu du
Urteko batzarra egin berri du Beasaingo BKL saskibaloi taldeak. Ekainaren 30ean bildu ziren Antzizar polikiroldegiko gela batean eta bertan, urteko balorazioa egin eta datorren urterako plana ere osatu zuten. Batzarrera “nahiko jende gutxi” gerturatu zela azaldu du Mikel de las Heras taldeko zuzendariak.
Orokorrean denboraldi “oso-oso ona” izan dela, eta lorpen aipagarrien artean “senior mailako mutilak mailaz igo direla” eta “infantil mailako neskak Gipuzkoako txapeldunorde gelditu direla” azaldu du.
Taldearen egoera ekonomikoari dagokionean, “3.000 euro oinguruko superabitarekin amaitu” dutela urtea azaldu du. Hala ere, “hamabi talde izatetik hamasei izatera pasa gara, eta horri ekonomikoki aurre egiteko babesleak behar ditugu”, dio de las Herasek.
Datorren urtera begira dituzten helburuak euskarari entrenamendu eta partidetan garrantzia gehiago ematea, partidak eskola kiroleko ekintzekin bateragarriak izaten saiatzea eta mediku azterketa gehiago egitea dira, besteak beste.
Datorren urteko izen-ematea ere zabalik dago jada, info@bklsaskibaloia.com helbide elektronikoan.