Gaztainondo liztorra Ataunen aurkitu eta babes eremu izendatu dute Goierri
Kanpoko jatorria duen beste intsektu batek ere alarma piztu du, ingurumen eta frutagintza ekoizpen arloan. Gaztainondoko liztorraren (Dryocosmus kuriphilus) izurritea Gipuzkoara iritsi dela atzeman du Gipuzkoako Foru Aldundiak, iaz egindako prospekzio batzuetan, eta neurriak hartu ditu liztor mota horrek gaztainondoengan izan dezakeen eragina erregulatzeko. Babes eremuak izendatu ditu intsektu hori aurktu duten tokitik 15 kilometroko buelta osoan. Gipuzkoaren ekialde osoa hartzen du, tartean ia Goierri osoa.
Txinako jatorria du gaztainondoko liztorrak. Cynipidae familiakoa da, eta himenoptero txiki bat da, liztortxoa. Gaztainondoko liztortxoa ere esaten diote, gaztainondoen bidez zabaltzen delako.
Berez ez da azaltzen landareentzat kaltegarri diren organismoak Europako Batasunean ez sartzeko eta ez zabaltzeko babes neurriak ezartzen dituen zerrendan. «Baina oso kaltegarria izan daiteke gaztainondoentzat, eta nabarmen gutxitu dezake baso gaztainen nahiz landatutako gaztainen ekoizpena», dio aldundiaren Nekazaritza zuzendaritzak, Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuaren baitan dagoena. «Izurrite» hori erregulatzeko, babes eremuak izendatu eta hainbat neurri hartuko dira horietan.
Gaztainondoko liztortxoa Txinatik hedatu da, Europarantz. 2002an atzeman zen lehenengo aldiz, Italiako Piamonten. Harrezkero Eslovenian 2004an eta Frantzian 2005ean aurkitu izan da, «Italiako gaztainondoen bidez zabalduta».
Ataunen aurkitu dute
Europako Batzordeak 2006ko ekainean erabaki zuen Dryocosmus kuriphilus «organismo kaltegarria» Europan ez sartzeko eta ez zabaltzeko premiazko eta behin-behineko neurriak hartzea. Orain, intsektua Gipuzkoan zabaltzen ari dela behatuta, foru aldundiak bere egin ditu.
Bi izaerako eremuak bereizi dituzte. Lehena, intsektua atzeman den tokitik 5 kilometroko erradioan, behaketa eremua. Bestetik, 15 kilometroko erradioa duen gune osoan babes eremua.
Goierriri dagokionez, iaz egindako prospekzioetan Ataunen aurkitu dute gaztainondoko liztortxoa espeziea. Hamar behaketa gehiago ere egin ditu aldundiak Goierrin, Beasainen eta Ezkio-Itsason, batez ere Mandubia eta Matxinbenta aldean, baina guztiek negatibo eman dute. Ataunen, bertan, intsektua aurkitu zen ingurutik hurbil ere, prospekzio batek negatibo eman du.
Babes eremuak Goierriko ia udalerri guztiak hartzen ditu bere barruan, Urretxu, Zumarraga, Legazpi iparraldea eta Ezkio-Itsaso ipar-mendebala izan ezik.
Gipuzkoari dagokionez, Lizartzan, Gaztelun, Tolosan, Villabonan, Berastegin, Lasarte-Orian, Astigarragan eta Hondarribian atzeman dute liztortxoa.
Gaztainondoak ezin mugitu
Aldundiak hartu dituen neurrien artean, babes eremuetan gaztainondo landareak ezingo dira leku batetik bestera eraman; ez eremutik kanpora, ezta barruan ere.
Intsektu hori aurkitzen baldin bada gaztaina ekoizpeneko lur sail batean, liztortxoa desagerrarazteko neurriak hartuko dira: organismoak kutsatutako landare guztiak eta infestazio sintomak dituztenak deuseztu beharko dira, baita landatu zirenean lote berean egon zitezkeen gainerakoak ere. Intsektuak hartutako kuku sagarrak egon daitezkeen denboran, ikuskapenak egingo dira, bestalde.
Neurri horiek eragingo dieten landareak Castanea Mill. generokoak izango dira; izan landare, landare zati, fruitu edo hazi.
Babes eremuko udalerriei jakinarazpena bidaliko die aldundiak, organismoa errotik kentzeko jarraibideak zehaztuta.