Gazte Festak ospatuko dituzte Zaldibian bihartik aurrera
Zaldibiako Gazte Festak 17. aldiz ospatuko dituzte, bihartik larunbatera, Gazte Asanbladak antolatu duen egitarauarekin. Bihar, 17:00etan, erreka gainean slake line haria jarriko dute, aldenik alde lokarri lodia lotu, eta oreka mantenduz igarotzeko.
Gaztetxeko balkoitik txupina 19:00etan botako dute, arkakusoa jaitsiz. Ogitarteko afaria (21:00) eta dokumental emanaldia (23:00) daude, bihar gauean.
Herri giroa piztea eta zahar-gazte harremanak egitea da, besteak beste, Gazte Festen zentzu bat. Ostiralean izango da aukera horretarako aukera. Sasipilotari txapelketako finalak jokatuko dituzte, 18:30ean. Ondoren, sagardo dastaketa izango da, plazan, hamalau sagardotegitako edariarekin, eta pintxoekin. Ezten Giro plaza-talde zumaiarrak alaituko du erromeria, 00:30ean.
Aurrez, Desobedientziatik intsumisiora bide bat hitzaldia egingo dute, gaztetxean, ostiralean 17:00etan. Espainiako Nortasun Agiririk gabe «bizi» den pertsona baten «gogoeta bitxiak» dira.
Larunbata, egun osorako
XVII. Gazte Festak borobiltzeko, larunbaterako egun osoko jaialdia iragarri dute. Eguerditik mozorrotuta irteteko ere eskatu dute asanbladako gazteek. Lehendabizi pintxo eta paella lehiaketak egingo dituzte, 12:30ean. Partaideek nahi dituzten osagaiak erabili ahalko dituzte, baina nahitaez kuiatxoa (kalabazina) eduki beharko dute platerek. Sariak emango dizkiete pintxo eta paella onenei.
Bazkaria 14:30ean izango da. Txartelak gaur kenduko dituzte Joxepane, Illati eta Beti Gazte saltokietatik. Kantaldia, Ttek elektrotxaranga (19:00), kalejira aldarrikatzailea (20:30), jolasak (22:30) eta kontzertuek (23:30) osatuko dute eguna. Iseka zumaiarrek eta Guri5 gabiriarrek joko dute.