«Mac Jeara’s Band taldearen musika mundu guztiari gustatzen zaio»
Jesus Castillejo (Legazpi, 1974) Legazpiko musika eskolako irakaslea eta Legazpiko eta Urretxuko bandetako zuzendaria da. Horretaz gain, beste musika irakasle batzuekin batera, Mac Jeara’s Band taldean jotzen du. Talde horrek Musika Parkean egitasmoko lehen kontzertua egingo du etzi Urtatzazar parkean.
Zer da Mac Jeara’s Band?
Dixie musika jotzen dugu: jazz klasikoa. Gospel disko bat argitaratu genuen eta beste bat musikalekin, baina dixie musika jorratzen dugu batik bat. Oso erraza da entzuteko. Louis Armstrong-ek egiten zuena da. Mundu guztiari gustatzen zaio.
Aspaldi sortu al zenuten taldea?
Duela 12 urte sortu zuten; ni duela 11 urte hasi nintzen. Talde hau familia bat da. Hasierako taldetik bakar bat gelditzen da, baina urtero taldekide ohiekin eta seme-alabekin bazkari bat egiten dugu. Iaz 50 lagun elkartu ginen. Taldekide guztiak Donostia aldeko musika irakasleak dira, ni izan ezik. Ni naiz barnealdeko bakarra.
Kontzertu asko egiten al dituzue?
Ez. Urtean hamar bat bakarrik. Denok irakasleak gara eta astean zehar ezin dugu kontzerturik egin. Tabernetan jotzea gustatzen zaigu, gure musika horretarako aproposa baita. Errenteriako Reina tabernan, Donostiako Be Bop-en… jo dugu. Ez ditugu jazz saioak egiten, baina kontzertuak asko luzatzen dira. Batzuetan, 22:30ean hasten gara eta 02:30ean oraindik ez dugu bukatu.
Nondik nora ibiltzen zarete?
Duela gutxi Bilbon jo genuen, 24an Tolosara joango gara eta 27an Donostiako Jazzaldian joko dugu. Jazzaldian urtero jotzen dugu. Musika Hamabostaldian ere jotzen dugu.
Nolakoa izango da Legazpiko kontzertua?
Urtatzazarreko parkean joko dugu. Ez da gauza berria guretzat; izan ere, Donostiako Miramarren eta Kristina Enean eta Bilboko Doña Kasildan jo genuen. Parke handietan marching-ak egiten ditugu, baina Legazpiko parkea txikia da eta ez dugu kalejira moduan joko. Jendea lurrean eserita egongo da eta guk zutik joko dugu. Jendeak ondo pasatuko du. Joan daitezela afari-merienda eta guzti!
Gustatu zaizu, beraz, Legazpiko Udalaren Musika Parkean ekimena.
Oso ideia ona da. Donostiako bandarekin ere halakoak egiten genituen. Miramarren, dagoeneko Mac Jeara’s Band taldearekin, sekulako kontzertua eman genuen.
Ekimen horretako bigarren kontzertua Agirre Etxeberrin izango da, irailean. Lauroba taldearen kontzertu horretara joateko asmoa al duzu?
Noski. Halako ekimenetara joan behar da. Herrian zer edo zer antolatzen badute, parte hartu behar da. Eguneroko jardunetik ateratzeko aukerei ezin diegu muzin egin. Ez gelditu etxean Munduko Kopa ikusten. Joan zen astean txotxongiloak egon ziren eta haurrek primeran pasatu zuten. Agirre Etxeberrin ekitaldi asko antolatzea espero dut.
Nolatan zara musikaria?
Nire aita ere musikaria da. Legazpiko bandan jotzen du oso gaztetatik. Gainera, ezkontzetan jotzen zuen. Aitarengandik datorkit zaletasuna. Nire lehen instrumentua bandurria izan zen.
Norekin egin zenituen ikasketak?
Solfeoa Legazpiko musika eskolan ikasi nuen, Arantxarekin, Mari Kruzekin eta Maiterekin. Ondoren, kontserbatoriora joan nintzen. Saxofoi eta klarinete tituluak atera nituen eta zuzendaritza ikasi nuen hainbat irakasleren eskutik. Dena den, Yehuda Gilad israeldarrarekin ikasi nuen gehien. Urtero Kaliforniatik Valentziara joaten zen eskolak ematera. Zortzi urte eman nituen berarekin. Irakasle asko izan ditut eta denengandik ikasi dut, baina Gilad izan da gehien eman didana.
Aita zutaz harro egongo da.
Informatika ikasketak hasi nituen, baina hirugarren mailan musikagatik utzi nuen. Hasieran aitari ez zitzaion ondo iruditu, baina onartu zuen. Egun, aita zuzentzen dut; oraindik bandan jotzen baitu. Berari ere aginduak ematen dizkiot, noski. Batzuetan, etxean, esan diodana ez zaiola gustatu esaten dit. Amak niri ematen dit arrazoia beti. Aita eta biok primeran moldatzen gara. Gu biok arduratzen gara bandaren artxiboaz.
Maisu ona izango zen.
Hala da. 14 urte nituenean, berarekin, Gabiriako Pikua akordeoilariarekin eta Urretxuko Inazio Barriorekin ezkontzetan jotzen hasi nintzen. Asko ikasi nuen.
Zein taldetan jo duzu?
Donostiako bandan eta Donostiako orkestran jo nuen. Biak desagertu ziren. Donostia da bandarik eta orkestrarik ez duen Hegoaldeko hiriburu bakarra. Penagarria da, Donostia baino hiri egokiagorik ez baitago banda batentzat.
Legazpiko eta Urretxuko musika bandetako zuzendaria ere bazara.
Legazpiko bandan 20 urte daramatzat eta Urretxukoan 18. Bandak erromatarren garaian sortu ziren eta kalean musika egiteko talde egokienak dira. Gainera, egun duten kalitatearekin, aretoetan jo dezakete.
Zein musika duzu gogokoen?
Ganbara musika. Oso klasikoa naiz. Gu Geu taldean jo nuen. Asko ikasi nuen. Folk musika ere probatu nahi nuen eta Izturi taldean jo nuen. Jazz-a ere gogoko dut eta musika mota hori da, hain zuzen ere, Mac Jeara’s Band taldean jotzen duguna.
Zer edo zer gehiago esan nahi al duzu?
Familia guztietan musikari bat egon beharko litzateke. Musika oso aberasgarria da. Zenbat eta kultura gehiago, orduan eta gizarte hobea edukiko dugu.