Sagardo Eguna egingo da larunbatean, aurten arratsalde-gauez
Guztira hamabi sagardotegik hartuko dute parte larunbat honetan Ordizian egingo den Sagardo Egunean. Aurten, iluntzeko 20:00etan emango diote hasiera Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatu duen ekitaldiari. Plaza Nagusian izango da eta bertan probatu ahal izango dira Aburuza (Aduna), Iparragirre (Hernani), Izeta (Aia), Lizeaga (Astigarraga), Oiharte (Zerain), Olagi (Altzaga), Petritegi (Astigarraga), Satxota (Aia), Setien (Urnieta), Urdaira (Usurbil), Urbitarte (Ataun) eta Zalbide (Abaltzisketa) sagardotegietako zukuak.
Inguruko tarbernetako pintxoak ere egongo dira aukeran plazan. Edalontzia (10 tragorako tiketekin) eta pintxoa bost euro kostako da. Edalontzia bakarrik 4 euro eta pintxoa bakarrik 1,5.
Bola Federazioak, gainera, bolatoki mugikorra jarriko du bertan nahi dutenen gozamenerako.