Beasaingo eta Zumarragako ertzain etxeak Tolosara eta Bergarara bideratuko ditu Segurtasun Sailak
Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailburuak gaur baieztatu du sindikatuek zabaldutako albistea. Tolosa eta Beasaingo ertzain etxeak eta Zumarraga eta Bergarakoak bat egingo dituzte, “kudeaketa partekatuko eredua” ezarriz. Honek, praktikan, Beasaingo eta Zumarragako ertzain etxeak desagertzea ekarriko du, eta zerbitzua Tolosara (Goierri beheko biztanleentzat) eta Bergarara (Goierri garaikoentzat) bideratzea. Beltran de Herediaren arabera, ordea, “helburua herritarren segurtasunerako alorrean presentzia handiagotzea eta ikerketaren alorrean mekanismoak indartzea” da. ELA, SiPE eta EUSPEL sindikatuek, aldiz, Segurtasun sailak itxiera “inposatu” egin nahi duela, eta ez duela “negoziatzeko borondaterik” salatu dute.
“Kudeaketa partekatuko eredua” lehendik Urola Kosta eskualdean aplikatu zuten, Azkoitiako eta Zarauzko ertzain etxeak bat egin ondoren. Orain, eredu hori zabaltzea erabaki du Segurtasun Sailak. Banaketa berria egiteko, “arreta ematen dieten herrien beharrizanak eta inguru geografikoa, demografikoa eta soziekonomikoa” kontuan izan dituzte, sailburuaren arabera.
Beasain-Tolosa eremuak, Oria izenekoak, 38 udalerri eta 80.000 biztanle hartuko ditu. 500 km koadroko eremu horretarako, 217 ertzain izango dira. Zumarraga-Bergara eremuak, Deba-Urola izenekoak, 14 udalerri eta 94.000 biztanle hartuko ditu. 260 km koadroko eremurako 263 ertzain izango dira.
Ertzain etxeak kendu arren, “plaza kopurua handitu” egingo dela ziurtatu du sailburuak: “kaleko patruila kopurua areagotuko da, arrisku handiagoa eragin dezaketen egoerei berehala erantzuteko ahalmen handiagoa lortuko da eta uniformatu gabeko ikerketa-talde operatiboak sortuko dira”. Arreta guneak “egungo kokapenean eta eguneko 24 orduetan” mantentzeko konpromisoa ere agertu du.
Sindikatuen protestak
ELA, SiPE eta EUSPEL sindikatuek deituta, bi zentroen itxiera salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo Erandion (Bizkaia), Segurtasun Departamentuaren egoitzan. Izan ere, negoziazio mahaiaren bilerak egiten ari dira bertan, baina sindikatuen arabera, Segurtasun sailak itxiera “inposatu” egin nahi du, eta ez du “negoziatzeko borondaterik”. Sindikatuek, albistea jakinarazteko modua ere salatu dute; izan ere, bi komisarietako ertzainei asteartean jakinarazi zieten, bileraren bezperan.
Herrizaingo sailari hainbat galdera luzatu dizkiote: “Erabaki hauekin lortzen den aurrerapena zein den galdetzen dugu. Guk bakarrik mugikortasun geografikoa eta funtzionala ikusten dugu, ertzain etxeen itxiera, murrizketekin kendutakoa berreskuratzeko etengabeko ezezkoa eta eskubideen etengabeko zapalketa”. Egoera hau aldatzeko bide bakarra “konfrontazioa” dela azaldu dute, eta horretarako prest daudela.
Hala, hiru sindikatuek deituta, itxierak salatzeko elkarretaratze bana egingo dute hilaren 29an, Beasaingo eta Zumarragako ertzain etxeetan. Horrez gain, bi herriak lotuko dituen auto karabana ere egingo dute.