Enrique Gonzalez kanariarrak irabazi du Aztiriko txirrindulari lasterketa
Atzo Aztiriko jaiak hasi zirne. Gaur goizean helduen eta gazteen arteko futbol partida jokatuko dute eta arratsaldean gazte mailako XXIV. Aztiri txirrindulari proba egin dute. Iruene taldeko Enrique Gonzalezek irabazi du. Berarekin batera Sergio Alvarez taldekidea sartu da. Hau ere kanariarra da. Hirugarren postuan Lizarrako Diego Lopez sailkatu da, Goenaga taldekoa.
Une honetan, patata tortilla lehiaketa egiten ari dira. Ondoren, Elorza eta Arakama trikitilarien doinuak lagun, pintxo eta ardo banaketa egingo dute. Horrez gain, bola eta toka txapelketak jokatzen ari dira.
Gauean, trikitilariekin erromeria izango dute. Gainera, 24:00etan, txerri-harrapaketa, egingo dute. Goizaldean, txokolatada egingo dute.
Festetako azken egunari Gabiriako txistularien goiz eresiak emango dio hasiera; ondoren, 11:00etan, festetako ekitaldi esanguratsuenetako bat egingo dute: Aztiriko IX. Mendi lasterketa.
Lasterkariek aurrez eman beharko dute izena, eta bost euro ordaindu beharko dute; parte hartzeko gutxienez 16 urte eduki behar dira.
11:00etan hasita, 11,5 kilometro egin beharko dituzte lasterkariek. Lehen sailkatuek trofeoak eta diru sariak jasoko dituzte; irabazleak 60 euro, bigarrenak 40 eta hirugarrenak 30. Lehen gabiriarrak edo legazpiarrak ere trofeoa jasoko du. Sari banaketa 13:00ean egingo dute. Era berean, parte-hartzaileen artean produktu sortak zozkatuko dira.
Bestalde, goizean, meza nagusiaren ondoren, auzoko nagusiari omenaldia egingo diote, eta 12:00etan, Gabiriako Goruntz dantza taldeak emanaldia egingo du.
Festak bukatzeko, herri-kirol erakustaldia egingo dute 18:30ean, eta ordu erdi geroago probintzia mailako bola txapelketa jokatuko dute. Ilundu arte trikitilariak jotzen ariko dira.