Alaitz Sarasolak irabazi du Zarauzko Basarri bertsopaper txapelketa
Zaldibian bizi den Alaitz Sarasola bertsolari altzagarrak irabazi du Basarri bertsopaper txapelketaren 30. ekitaldia. Uztailean itxi zuten lanak bidaltzeko epea, eta irailaren hasierarekin batera jakinarazi dute Sarasolaren Belarritakoak sorta izan dela onena, Rufino Iraolak berri eman duenez. Zazpi puntuko hamar bertso aurkeztu ditu, ETAren su-etenetik doinuarekin kantatzekoak. Haur jaio berri baten sentsazioak paratu ditu bertsoetan. Gaia librea zen, eta gutxienez zortzi bertsoko sorta egin behar zen.
Zarauzko Udalak antolatu du aurten ere Basarri Saria. Sarasolak 1.100 euroko saria jasoko du, txapelaz gain. Bigarren saria (750 euro eta oroigarria) Aitor Albistur errenteriarrarentzat izan da, Terrazako kafea izenburudun sortarekin.