Barandiaran plazako arkupeak margolan berriak ditu
Urtarrilaren 22an hasi zituzten Beasaingo Barandiaran parkeko eraberritze lanak. Estalpe berria egin zioten, argia sartzeko kristalera biribil koloredunekin, eta banku eta argiteria berritu dute, lehen zeuden zuhaitzak mantenduz.
Lan horiek amaituta, udako oporraldia aprobetxatu dute, estalpearen azpialdean dagoen paretari kolore mateko. Igor Rezola Dizebi, Xabi Anunzibai eta Imanol Aizpuru arduratu dira horretaz, bakoitzak gai bana hartuta.
Rezolak parkeari izen ematen dion Joxe Miel Barandiaran antropologo, etnologo eta arkeologo ataundarraren aurpegiaren hiru perspektiba marraztu ditu. Anunzibaik herriko hainbat txoko bildu ditu, bestelako marrazkiekin lotuz: Igartzako zubia, CAF lantegia izan daitekeen lantegi bat, neska bat liburu bat irakurtzen, txoria, hiru lagun tandem bizikletan… Eta Aizpuruk haur parke batean margotzen zutela kontuan hartuta, haurrei zuzendutako margolanak egin ditu, panpin urdin borobil bat protagonista hartuta.
Hiru artista hauen margolanak, herriko beste txoko batzuetan ere badaude.