Ilinti elkarteko merkatariek euren dendak kalera aterako dituzte
Legazpiko merkatariek dendak kalera aterako dituzte larunbat honetan. Dendak kalera ekimenaren helburua herritarrengana gerturatzea eta salgai dituzten produktuak erakustea da. Aurtengoa bigarren edizioa da eta Laubide kalean egingo dute.
Ekimena Ilinti merkatari elkarteak antolatu du, Legazpiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza sailaren laguntzarekin. Dagoeneko hamasei merkatarik azaldu dute parte hartzeko asmoa, baina zerrenda ez dago itxita.
Merkatariek 10:00etatik 15:00etara edukiko dituzte ikusgai eta salgai euren produktuak. Gainera, auzoko tabernariek pintxo-pote berezia egingo dute, Telleriarteko talogileek taloak egingo dituzte eta haurrentzako gunea prestatuko dute.