Oporrondoarentzat, festak
Askok nahi baino azkarrago amaitu dira udako oporrak; alabaina, Goierriko hainbat herritan, umore onez bukatu dituzte, jai giroan murgilduta egon baitira oporretako azken egunetan ere. Gainera, Ataunen, festekin ekin diote lan sasoiari, eta hala, oporren ostean ere bizirik darraio jai giroak Goierrin.
Itsason eta Zegaman San Bartolome festak igandera arte ospatu zituzten. Batean zein bestean, urteroko ekitaldi arrakastatsuenei eutsi diete, eta era berean, zenbait berrikuntza ere izan dituzte. Zegaman, Elkartasun Egunak eman zion hasiera festetako bigarren asteburuari. Herrian ez daudenak gogoratzeko xedez, ekitaldi ugari antolatu zituzten ostiralerako, baina, ezbairik gabe, ekitaldi arrakastatsuenetako bat ostiral arratsaldeko segurarren eta zegamarren arteko herri kirol saioa izan zen.
Ekitaldiari Joxe Mari Esnaola aizkolari zegamarrak eman zion hasiera; motozerrarekin egindako erakustaldiaz. Jarraian, bi herrietako parte hartzaileek hainbat proba egin zituzten; hala, aizkoran, harri jasotzen, koxkol biltzen, trontzan, korrikan eta txingatan aritu ziren. Txapeldunak zegamarrak izan ziren 23 minutu eta 40 segundoko denboraz. Segurarrek 2 minutu eta 50 segundu geroago amaitu zuten.
Iluntzean elkarretaratzea egin zuten presoen eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko. Ondoren, triki-poteoa izan zuten. Afarian laurogei lagun inguru elkartu ziren, trikitilariek lagunduta.
Festa giroa ez zen ostiralean amaitu. Larunbatean, kuadrillen eguna ospatu zuten zegamarrek. Aurten, estreinakoz, kuadrillek blusak jantzi zituzten.
Halaber, larunbatean, hain gustuko duten herri afaria egin zuten. Afalostean, Imuntzo eta Beloki, eta 3gabe2 musika taldeek jo zuten.
Festak ondo bukatzeko, sardina-jana eta sagardo dastaketa izan zuten igande arratsaldean. Gauean, beleari azken agurra egiteko hileta berezia egin zuten.
Paella lehiaketa jendetsua
Itsason ere San Bartolome jaiak ospatuta bukatu dituzte oporrak. Larunbatean eta igandean izan dituzte ekitaldiak, eta gainera, datorren astean ere, izango da festa Ezkio-Itsason, Kizkitzako amaren eguna ospatuko baitute.
Ekitaldi esanguratsuenetako bat paella lehiaketa izan zen.Udalak oinarrizko osagaiak eman zizkien parte-hartzaileei, eta horiez gain, bikote bakoitzak bestelako osagaiak ekartzeko aukera ere izan zuen. 17 bikotek hartu zuten parte, eta Maixa Mendia eta Luis Angel Irisarri izan ziren garaile ak. Ondoren, 200 lagun elkartu ziren afaltzeko; paellaz gain, solomoak eta jendeak ekarritako postreak izan zituzten dastagai.
Igandean, berriz, festak bukatzeko, herri kirol saioa izan zuten Zegamako aizkolariek eta herriko gazteek. Azken hauek trontzan, koxkolak biltzen, txingatan, zaku karreran eta sokatiran aritu ziren.
Brinkolan giro ederrean
Brinkolarrek San Agustin jaiak ospatu dituzte asteburuan. Eguraldi ona lagun, festak arrakastatsuak izan dira. Festa batzordeko kideek «oso giro ona» egon dela aipatu dute.
Festak ostegunean hasi ziren, mezarekin eta jubilatuen bazkariarekin. 27 lagunek parte hartu zuten. Bazkalostean, Miren Deba eta Ander Ibarguren trikitilariek jo zuten.
Ostiralean, txokolate jana, txupinazoa eta auzo afaria egon ziren. Afarian Elustondo anaia-arrebak trikitilariek jo zuten eta Iker Zubeldia eta Amets Arzallus bertsolariek abestu zuten. 60 bat lagunek parte hartu zuten. Festa batzordeko kideek bertsolariek saio «bikaina» osatu zutela eta trikitilariek erromeria «alaia» eskaini zutela esan dute. Gauerdian Beasaingo eta Oñatiko bi rock taldek jo zuten.
Larunbat goizean marrazki lehiaketa egin zuten eta arratsaldean haurrentzako jolasak, buruhandiak, bola, toka eta patata tortilla lehiaketak, sardina eta txistorra jana eta Aire soinujole taldearen emanaldia. Tortilla lehiaketa Agerrezabal baserrikoek irabazi zuten eta Etxeaundikoak bigarren sailkatu ziren. Bestalde, aipatzekoa da sardinak Odriozola arraindegiak oparitu zituela eta txistorra Jabier Ugarte harategiak. Gauean disko festa egon zen DJ Bidurirekin, eta txerri harrapaketa.
Jaiak igandean bukatu ziren. Meza ondoren Anjel Beain eta Marianjeles Zabaleta auzotarrak omendu zituzten. Arratsaldean, puzgarriak, trikitilariak, Aurrera Atera elkartekoen txakur erakustaldia eta haurrentzako txerri harrapaketa egon ziren.
Brinkolako jaiak auzoko Festa batzordeak antolatzen ditu, auzotarren, udalaren eta merkatarien laguntzarekin. Festa batzordeko kideek eskerrak eman nahi dizkiete laguntzaile guztiei.
Neskak harri tiraka Ataunen
San Gregorio auzoan ere jaien gehiena osatu dute, guztia izan ez arren —bihar bukatuko dira, zaindariaren egunarekin—. Ostegunetik igandera, lau egun bete-bete eduki dituzte. Ostiralean kuadrilla eguna izan zen, eta ohitura duten bezala, zuriz jantzita azaldu ziren gazteak. Asto karrera ere egin zuten. Larunbatean haurren eguna zen. Herenegun, berriz, jaietako berritasuna aurkeztu zuten herriko neskek: zortzi tiralariko taldea harriarekin plazan aritu zen, erakustaldi eskertua egiteko. Bihar, kantu eta dantza txapelketak izango dira.
EGITARAUA
San Gregorio eguna (Ataun), bihar
- 11:00. Mus txapelketa.
- 11:00. Mahai jolasak haurrentzat.
- Goizean. Salda, Pelotazale elkartean.
- 12:00. Toka txapelketa, haurrentzat (16 urte arte).
- 12:30. Toka txapelketa herrikoia, helduentzat.
- 14:00. Herri bazkaria, Zelai frontoian. Haurrentzat menu berezia. Txartelak aurrez salgai.
- 18:00. Kantu eta dantza txapelketa herrikoia.