
Uda garaia herriko hainbat asfaltze lan egiteko aprobetxatu dute Beasainen, beste urte batzuetan bezala, kaleetan jende gutxiago ibili ohi dela aprobetxatuz. Egin dituzten asfaltatze lanen artean, azpimarragarrienak Arantzazu kaletik Mateo Mujika kalera bitarteko zorua eta Joan XXIII. kalea izan dira. Arantzazu kaleko lanak abuztuaren 8an hasi zituzten eta Joan XXIIIekoak abuztuaren 12an.
3.430 metro karratu guztira
Kale horiez gain, Salbatoren, Errekarten, Erauskin plazan eta Andramendi baserrirako bidean konpontze lanak egin dituzte.
Asfaltatze lan hauek egiteko lau enpresa aurkeztu ziren lehiaketara: Probisa, Asfaltos Urretxu, Campezo eta Orsa. Lehiaketan 93.433 euroko aurrekontua eta bi asteko epea aurreikusten zituzten, eta Orsa enpresaren eskaintza izan zen aukeratua. Enpresa honek 71.029 euroko aurrekontua egin zuen eta bi asteko epean egin ordez, aste bakarrean egingo zutela ziurtatu zuten.
Oriamendin laster hasiko dira

Ez dira, ordea, honekin Beasaingo obrak amaitu. Oriamendi kalea noranzko bakarrean jartzeko lanak ere berehala hasiko dituzte. Bost enpresa aurkeztu dira lehiaketara eta Urbycolan enpresari esleitu diote. Plangintza ia egina dute eta gaur azken bilera egin ostean, laster hasiko dituzte obrak.
Horrez gain, Nafarroa Etorbidea oinezkoentzako egokitzeko lanak eta Antzizar kiroldegiko Herri Kiroletarako Teknifikazio Zentrua egiteko lanak nork egingo dituen oraindik erabakitzeko dago.
Gaur amaitzen da enpresak lehiaketara aurkezteko epea eta irailaren amaierarako aukeratuta izango dute. Bi lan horiek urte amaieran edota datorren urtearen hasieran hastea aurreikusten dute.