Kataluniako orientazio taldeak izan dira Aralarko proban onenak
Orientazio kirol probak geroz eta zaletu gehiago dituela argi geratu zen, larunbatean, Aralarren. Gipuzkoako II. Rogainea jokatu zen, eta 150 parte-hartzaile izan ziren. Euskal herritarrez gain, Kataluniako, Madrilgo, Asturiaseko eta Valentziako taldeek ere parte hartu zuten. Hiru modalitatetan bereizi zuten orientazio-lasterketa lehiaketa: sei ordukoa, hiru ordukoa, eta familian egiteko hiru kilometroko ibilbidea.
GOT Gipuzkoako Orientazio Taldea eta Bizibiziki enpresa antolatzaileek 50 baliza kokatu zituzten, aurrez, Aralarren barrena. Puntuazio desberdinekin, eta iparrorratza eta probarako bereziki egindako mapa lagun hartuta (balizak ikurrekin markatuta), haiek ahalik azkarren aurkitzeea zen helburua.
Sei orduko rogainean, Kataluniako bi talde puntutara berdinduta gelditu ziren, 121narekin, lehen postuan: Hop Hop eta El Viejito y el Gordito. Azkenean, denboragatik, lehen taldeko Ramon Aubets eta Jaume Alarcon izan ziren garaileak. Hirugarren CD Navarra (113) geratu zen.
Hiru orduko saioan, Euskanikross taldeko Ramon Murua eta Pablo Samaniego bikoak 52 puntu batu zituen. Bigarren Nordeeste taldea izan zen (44 puntu), eta hirugarren Euskal Raid Mix (38).
Sei ordukoan 44 talde atera ziren, eta hirukoan hamasei.
Lainoak zaildu du orientazioa
Larunbat goizean goibel zeuden Lizarrusti aldeko zeru-goiak. Aralarren barneratutakoan, lainoaren gainkarga izan zuten kirolariek, orientatzeko. «Berez teknikoa den basoa dauka Aralarrek, eta orientazioa oraindik zailagoa izan zen egun guztian izan zen lainoarengatik», dio GOTeko Ibon Goikoetxeak.
Irten aurretik probako mapa banatu zieten partaideei, eta minutu batzuk izan zituzten aztertzeko eta estrategia erabakitzeko. Bi rogaineetan taldeen estrategia garrantzitsua izan zen. Izan ere, irabazleek beste talde batzuek baino ibilbide laburragoa aukeratu zuten arren, puntu gehiago pilatu zituzten.