Kizkitzako Amaren eguna eta Lierniko jaiak ospatuko dituzte asteburuan
Abuztuan oporretara joaterik izan ez duenak izan du non gozatua Goierrin, eskualdeko auzo eta herri ugaritan ospatu baitituzte festak. Abuztua bukatu den arren, festarik ez da falta izango asteburu honetan ere eskualdean, eta hala, festazaleek izango dute nora joan. Ezkio-Itsasoko herritarrek San Bartolome jaiak ospatu berri dituzte Itsason. Auzoko jaiak erabat bukatutzat emateko, ordea, beste egun bat geratzen zaie, astelehenekoa.
Kizkitzako Amaren eguna ospatuko dute. Horretarako, 12:00etan meza nagusia izango dute lehenik. Halaber, egun guztian zehar, Baltzola anaien trikitixa doinuek alaituta, erromeria izango dute.
Festa eguerdian hasi, eta gauera arte luzatuko da. Izan ere, lehengo ohitura berreskuratuta, iluntzean, Itsason, karpapean, jarraituko du festak. Han ere ez da trikitalirik faltako, eta gainera, norberak afaria eramanda, elkarrekin afalduko dute.
Lierniko Andra Mari jaiak
Erromeria giroa ez da Itsason bakarrik bizi izango; Mutiloan ere izango da festaz gozatzeko aukera. Igandean eta astelehenean, Lierniko Andra Mari jaiak ospatuko dituzte.
Igandean, goizean ekingo diote festari, eta txistu doinuekin egingo dute, Segurako txistulari taldeak goiz eresia egingo baitu.Ondoren, 09:30ean, Lierniko txirrindulari probari ekingo diote. Aurtengoa gazte mailako lasterketa horren 23. edizioa izango da. Probak bi zati izango ditu, lehenik, inguruko herrietatik barrena, 60 kilometroko ibilbidea egingo dute txirrindulariek. Ondoren erlojupeko proba egingo dute Seguratik Liernira.
Behin lasterketa amaituta, meza nagusia izango dute, eta jarraian, berriz, toka txapelketa egingo dute.
Musikarik ere ez da falta izango; eguerdi aldera, trikitixa soinuak entzun ahal izango dira Julen eta Irati trikitilarien eskutik. 14:30ean herri bazkaria egingo dute, taldeka etxetik eramandako jakiekin. Bazkarira joateko udaletxera deitu behar da larunbata baino lehen. 18:30ean, herri kirolak izango dituzte. Jauregi, Larrañaga, Azurmendi eta Ugarteburu aizkolariek egingo dute saioa. Joxe Mari Esnaola aizkolari zegamarrak motozerrarekin irudiak e gingo ditu. Ondoren erromeria izango dute.
Astelehenean, Lierniko Andra Mari egunean, 11:00etan meza izango dute. Ondoren, Elustondo anai-arreba alaituko dute giroa.