Zehaztu gabeko malgutasun plana
ArcelorMittaleko zuzendaritzak eta langile batzordeko kideek herenegun egindako bileraren ondoren, bi hitz nabarmendu dira nagusiki: plana eta malgutasuna. Multinazionalaren ordezkariek plan bat egiten ari direla esan zieten langileei, baina plana zehazki zertan datzan ez zien adierazi. Hiru zutabeak zeintzuk diren badakite: lan kargaren handitzea, kalitatea hobetzea eta malgutasuna. Langileak lan kargara eta malgutasunera lotuta daude, baina enpresak zehazki zer eskatzen dien ez dakitela diote.
Egun Zumarragako lantegiak dituen arazoen artean errentagarritasun falta nabarmendu zuten bileran enpresako bozeramaileek. Plan bat beharrezkoa dela esan zieten, eta plan hori burutzeko malgutasuna ezinbestekoa dela. Asier Sudupe LABeko ordezkariaren hitzetan, «enpresak malgutasuna aipatu zigun behin eta berriro, baina hitz horrek eurentzat zer esan nahi duen ez ziguten argitu».
Informazio faltagatik kezkatuta agertu da Sudupe, eta mobilizazioak aurreikusten dituzten galdetuta dio ez dakitela zer egin: «Ez dakigu ezer, harri bat jarri digute lepoan eta geuk tiratzeko esan digute, baina enpresak zer nahi duen ez dakigu». Informazio garbirik lortuko ez balute presazko bilera bat deitzeko prest agertu da Sudupe.
CCOO sindikatuak gehiengoa dauka enpresa batzordean, eta Roberto Corona kidearen arabera, «aipatutako planaren zain» daude denak; «aste honetan plan horren berri emango digutelakoan gaude, lanean ari direla esan digute».
Mikel Serrano alkatea atzo bildu zen langile batzordeko kideekin bileraren berri izateko. Serranok esan du gaiak «lehentasuna» duela, eta «buru-belarri» lanean ari direla «Arcelorrek Zumarragako planta itxi ez dezan».
Atzo eguerdian Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin biltzekoa zen alkatea eta Arantxa Tapia industria sailburuarekin ere bilduko dela esan du. Aurrez, baikor agertu da Zumarragako alkatea: «Krisiak gogorren astindu gaituen urteetan Arcelorrek hemengo lantegiaren aldeko apustua egin badu, egun jarraituko duela uste dut».
ArcelorMittalen Gipuzkoa sozietatean mila langiletik gora
Gipuzkoa S.L.U da ArcelorMittalek Gipuzkoan dituen hiru lantegiekin osatuta duen sozietatearen izena. Bakoitzak bere fiskalitatea dauka eta elkarren arteko loturak ezberdinak dira. Guztira mila bat langile ari dira Arcelorrentzat zuzenean lanean Gipuzkoan.
Zumarragako plantak, Olaberriakoak eta Bergarakoak osatzen dute Arcelorren triada. Zumarragan ijezketa edo laminazioa eta altzairutegia daude, Olaberrian ere bai. Bergaran 2009 urte inguruan altzairutegia itxi eta laminazioa utzi zuten. Zumarragatik iritsitako totxoak lantzen dituzte, batez ere, Bergarako lantegian.