Boluntario lan egiteak ematen duen guztia
Erritmo bizia dauka egunerokotasunaren doinuak; hara eta hona, lanpetuta ibili ohi dira herritarrak, atseden uneak urrea bailiran baliatuz. Alabaina, ia etenik gabeko melodia burrunbatsu horretan, badira aisialdia besteen doinua entzuteko baliatzen duten pertsonak ere; gainera, entzun ez ezik, melodia horretan murgiltzen dira, euren aisialdia doinu hori are ederrago egiteko helburuarekin. Olatz Aiastui (Beasain, 1990) eta Idoia Sarriegi (Idiazabal, 1988) goierriko bi gazte boluntario dira; bata Atzegiren Beasaingo Txolarte programan dabil, eta bestea, berriz, Ingalaterrako Leeds hirian ari da lanean, Oxfam elkartearen liburu-denda batean.
Aiastui, duela bi urte hasi zen Txolarten lanean. Adimen urritasuna duten pertsonekin lan egiten du begirale moduan, eta aurten, gainera, koordinatzaile lanetan ariko da. Txolartekoak astero elkartzen dira larunbatetan, 16:00etatik 19:00etara. Begiraleen lana, batik bat, Atzegiko kideekin egotea da, talde moduan elkarrekin kalera atera, eta eurekin arratsaldea pasatzea. Horrez gain, urtean zehar, hainbat ekitaldi egiten dituzte, hala nola, gabonetan edota inauterietan, eta hainbat irteera ere egiten dituzte. Gazte beasaindarrak irribarretsu hitz egiten du bere esperiantziaz. Duela bi urte ekin zion Txolarten lan egiteari; bere lehengusuak han ziharduen, eta haren esperientziak animatu zuen pausoa ematera. Aiastuik betidanik izan zuen boluntario aritzeko kuriositatea; nolanahi ere, hasterako kezkak ere izan zituela aitortu du: «Ardura handiko lana da, eta ez nekien balioko ote nuen». Alabaina, hasierako kezkak uxatuta, egun, «oso gustura» joaten da Txolartera, eta jasotzen duena ematen duena baino gehiago delakoan dago gaztea: «Guk ematen duguna ez da beste munduko ezer, astean behin baino ez gara joaten; eurek, aldiz, irribarreak, maitasuna, ematen dizkigute; esker oneko lana da». Sarriegik oso bestelako lana egiten du Leeds hirian. Idiazabaldarrak Oxfam erakundearen liburu-denda batean egiten du lan. Bertan, jendeak emandako liburuak saltzen dituzte, eta lortutako irabaziekin Oxfam erakundeak munduko zenbait herrialdetan hainbat proiektu gauzatzen ditu. Egun, esaterako, Hego Sudanera ari dira dirua bidaltzen. Idiazabaldarrak hilabeteak daramatza denda horretan. Londresen hainbat urtez bizi ostean, Leeds hirira lekualdatu zen duela zenbait hilabete, eta bertan, estreinakoz, boluntario lan egiteko erabakia hartu du. «Batetik, besteentzako zerbait egiteko nahia nuen, eta gainera, aukera ona iruditu zitzaidan bertako jendea ezagutzeko». Aiastuik ez bezala, Sarriegik ez du ordutegi finkorik, gainontzeko lanek uzten dizkioten tarteak baliatzen ditu, eta hala, astean behin edo bitan joaten da, eta normalean, 4 orduko jardunaldiak izaten ditu. Aiastuiren moduan, Sarriegi ere pozik dago esperientzia horrekin: «Pozgarria da dendara zenbat jende etortzen den ikustea; halaber, esperientzia honek jende ugari ezagutzeko aukera ematen dit».«Boluntario lan egiten asko ikasten da, oso esperientzia interesgarria da» «Ingalaterran asko baloratzen da boluntarioen lana, curriculumean ere pisu handia du» Idoia SarriegiTxolartekoen lanarekin alderatuta, Oxfameko dendan egiten den lanak dituen eraginak ez ditu zuzenean ikusten boluntario gazteak; baina, edonola ere, Sarriegik badaki euren lana ere baliagarria dela: «Gure lanaren emaitza zuzenean ikusi ez arren, sentitzen dugu zerbaitetarako ari garela lanean». Gizartearen balorazioa Nola Beasainen, hala Leedsen, bi gazte goierritar horiek euren aisialdia besteentzat lan egiteko darabilte. Hautu horrek pertsona askorengan du eragina, hala ere, gizarteak ez du beti behar bezala baloratzen Aiastui, Sarriegi eta gainontzeko boluntarioek egiten duten lana. Aiastuiren iritziz, «taldeko kideek eta euren familiek baloratzen dute bountarioen lana. Gertutik bizi dutenek eskertzen dute lan hau. Baina, oro har, uste dut, kanpotik ez dela asko ikusten edo ezagutzen boluntarioen lana». Ingalaterran, aldiz, «asko» baloratzen dituztela boluntarioak azaldu du Sarriegik: «Euskal Herriarekin alderatuta oso desberdina dela esango nuke. Hemen, jendeak gauza asko ematen ditu, eta adin guztietako jendea inplikatzen da boluntario lanetan. Gainera, curriculumean ere boluntario lan egin izanak pisu handia du». Desberdintasunak desberdintasun, bi goierritar horiek bat datoz zerbaitetan: merezi du boluntario lan egitea. Hori dela eta, biek animatu nahi dute jendea esperientzia probatzera, boluntarioak inoiz ez baitaude soberan. Aiastuik esperientzia benetan «aberasgarria» dela nabarmendu du, eta horrenbestez, zalantzan daudenei «probatzeko» deia egiten die. «Esperientzia ezagutu nahi duen edonor larunbat batean etor daiteke ikustera, ez du hasieratik astero etortzera konprometitu beharrik, pixkanaka ikusten joan daiteke». Bi gazteek, oraingoz, boluntario lan egiten jarraituko dute, izan ere, Aiastuiren aburuz «merezi du, astean hiru ordu baino ez dira, eta asko jasotzen da». Sarriegi ere iritzi berekoa da «Asko ikasten da, eta oso esperientzia interesgarria da».