
Goierrin 2009ko ekainean bukatu zen bidaiarien garraio publiko erregularreko zerbitzua eskaintzeko emakida edo kontzesioaren indarra. Luzapenarekin orain arte mantendu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurki aukeratuko du enpresa ustiatzaile berria, 2015ean lanean hasteko. Beste hiru eskualdetan bezala, Goierrin ere autobus garraioaren plangintza berria landu dute, Garraioa Hobetzen parte-hartze prozesuak eta erakundeen ekarpenek osatuta.
Abuztuaren erdialdean atera zuen foru aldundiak emakida berria emateko deialdia. Eskaintzak aurkezteko epea dute orain enpresek, eta ustiatzailea aukeratu ondoren, 2015. urtean hasiko da zerbitzu berritua.
Autobusen lineetan hainbat aldaketa ekarriko ditu plagintza berriak. Goierrin hamar linea izango dira, hasierako proposamenaren arabera, eta herri txikien komunikazio-loturak ziurtatzeko eta garraiobideen bilgune nagusiekin hainbat bidaiarekin lotzeko berritasunak ere badira.
Eskualdeko errepideko garraio publiko berrituak lau eskakizun bete beharko ditu. Batetik, linea erregularren zerbitzua ematea. Bestetik, bailarako 22 herrietako «erabilera bereziko» garraio zerbitzua ematea. Hirugarren eginbeharra hezkuntza arloarekin zerbitzu bereziak egitea da, eskoletara eta (jaurlaritzaren Hezkuntza Sailarekin hitzartuta). Eta, azkenik, «ordutegi finkoko eskaeraren arabera» landa eramuan bizi eta prestazio gutxiago dituzten pertsonen mugitze-beharrak asetzeko zerbitzua ematea.
Zazpi urte eta 3,4 milioi aldiko
Goierriko autobus zerbitzu publikoaren emakidaren iraupena printzipioz zazpi urtekoa izango da, eta epe horren erdia gehiago (3,5 urte) luzatu ahalko da, 2025eko ekaineraino, hain zuzen. Kontratazio txostenaren arabera, urteko aurrekontua 3.434.278,67 eurokoa da. Hala, kontzesioa hartzen duen enpresak guztira 24 milioi euroko oinarrizko aurrekontua izango du, zazpi urteetarako. Kontratuaren balio estimatua 48,6 milioian ezarri du aldundiak.
Zerbitzua 2015ean hasiko da, Diputatuen Kontseiluak uztailaren 29ko bileran onartu zuen planaren arabera.
Orain arte Goierrialdea SL enpresak eduki du Goierrin autobus zerbitzua emateko ardura. 1997an hamabi urterako esleitu zitzaion emakida. Urte hartako uztailaren 1ean hasi zen Goierrialdea zerbitzua ematen, 2009ko ekainaren 30era arte. Handik aurrera, zerbitzua ematen jarraitu du, harik eta hurrengo ustiatzailea hartu arte.
Goierriko autobus linea proposamenak:
- Gabiria-Ormaiztegi-Itsaso-Ezkio-Zumarraga
- Zumarraga (ospitalea eta herria)-Legazpi
- Idiazabal-Beasain-Ordizia-Lazkao-Olaberria-Beasain
- Gaintza-Ordizia
- Zegama-Segura-Ihurre-(Olaberria)-Beasain-Ordizia-Zaldibia
- Lazkao-Ordizia-Beasain-Ormaiztegi-Ezkio-Itsaso-Zumarraga
- Altzaga-Arama-Ordizia-(Itsasondo)
- Lazkao-Ataun-Beasain-Ordizia-Itsasondo-Legorreta
- Mutiloa-Zerain-Segura
- Zumaia-Zestoa-Azpeitia-Azkoitia-Zumarraga-ospitalea
Iturria: garraioahobetzen.net
Ibilbidea edo ordutegia aldatzeko eskatu dute udalek, eta erantzun desberdina jaso dute
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako Departamentuak ekainaren 4an aurkeztu zuen jendaurreko erakusketara ustiapen plana. Garraioa Hobetzen herritarren partaidetza prozesuaren bigarren faseko ekarpenak eta udalek nahiz garraio agintaritzek egindako helegiteekin osatu dute plangintza.
Alegazioei dagokienez, Ormaiztegitik eta Aramatik larunbat gauetan zerbitzua jartzeko eskatu zuten. Onartu egin zaie, eta gaueko bi lineen ibilbidea aldatuta, bi herri horiek ere izango dute.
Segurako eta Zegamako bileretan, herritarrek eskatu zuten Beasaingo Institutuaren sarrera-irteera ordutegira modaltzeko hango autobusa. Hala, lanegunetan linea horren ordutegia aldatu da.
Idiazabalen bi linea
Idiazabalgo linea proposamena aldatu egin dute, eta bi ibilbidetan bereizi dute, printzipioz proposatu zuten Idiazabal-Beasain-Ordizia-Lazkao-Olaberria-Beasain ibilbidea. Bileran, herritarrek adierazi zuten «zaila» egiten zitzaiela jatorrizko linearen ibilbidea ulertzea.
Bestetik, Ataungo Udalak aurkeztu zuen alegazio bat, eskaripean autobusa Urkillagatik Arrondo auzora iristeko eskatuz. Linea ez da aldatuko, «hasiera honetan» eskaria ezin dela bete argudiatuz, «San Gregorion zerbitzua murriztu edo ibilbidea luzatuko litzatekeelako».
Eskariaren arabera bidaiak
Goiekik beste alegazio bat aurkeztu zuen, Ormaiztegi, Gabiria, Idiazabal, Segura eta Zegamako udalen izenean. Gabiriak gaueko zerbitzuak eta herriko festetan zerbitzu bereziak eskatu zituen; gauekoena ez dute onartu, baliabide faltagatik, baina zerbitzu bereziak jartzea onetsi dute.
Gipuzkoako Garraio Agintaritzak, bere aldetik, Gaintza-Ordizia eta Mutiloa-Zerain-Segura lineetako zerbitzua eskaeraren arabera emateko proposatu zuen. Kontuan hartu dute asmoa.
Gabiria-Ormaiztegi-Itsaso-Ezkio-Zumarraga linean ere, maiztasunaren araberako ordutegien taula bat eskaini ezean, erabilera «zaildu» egingo dela iradoki du Garraio Agintaritzak. «Eremua ezagututa, ez da erraza zerbitzu on bat ematea ibilgailu kopuru mugatuarekin, Ezkio, Itsaso eta Gabiria Gi-632 errepidearen adar modukoak direlako».