Robotika enpresa japoniar batek filial bat irekiko du Urretxun
Cyberdyne Inc. robotika enpresa japoniarrak filial bat irekiko du Urretxun, Goierri Garaiko Uggasa garapen agentziarekin. Bost urteko epean 10-12 lagunei lana ematea espero dute. Cyberdyneren errobotekin, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako errehabilitazio zentroa irekiko dute Urretxuko industrialdeko Sortzen enpresa inkubategian. Egitasmo hau Mankomunitateak, ospitalearekin eta sektore horretako gainontzeko profesionalekin, arlo soziosanitarioaren alde egindako apustuaren fruituetako bat da.
Cyberdyne Inc. robotika enpresa japoniarrak filial bat irekiko du Urretxun, Goierri Garaiko Uggasa garapen agentziarekin. Bost urteko epean 10-12 lagunei lana ematea espero dute. Cyberdyneren errobotekin, mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako errehabilitazio zentroa irekiko dute Urretxuko industrialdeko Sortzen enpresa inkubategian.
Egitasmo hau Mankomunitateak, ospitalearekin eta sektore horretako gainontzeko profesionalekin, arlo soziosanitarioaren alde egindako apustuaren fruituetako bat da. Beste bat UGLEk duela bi urte abian jarri zuen Ortoprotesika zikloa da. UGLE da ziklo hau eskaintzen duen erkidegoko ikastetxe bakarra.
Lehen promozioko ikasle guztiek lana lortu dute, baina Goierri Garaitik kanpo. «Asko poztu gara, baina ezagutza hori hemen gelditzea ere interesatzen zaigu. Hori dela eta, enpresak sortzeko aukerak ere aztertzen ari gara. Massachusetts -era (AEB) joan ginen, baina han euren robota erostea bakarrik eskaini ziguten. Ondoren, espainiar estatuko enbaxadaren bitartez, Japoniara joan ginen», aipatu du Oihane Zabaleta Uggasako lehendakariak.
Merkatua zabaldu nahi dute eta Alemanian
errehabilitazio zentroak dituzte jada»
Oihane Zabaleta (Uggasako lehendakaria)
Han erantzun hobea jaso zuten. «Cyberdyne-k merkatua zabaldu nahi du eta dagoeneko Alemanian errehabilitazio zentroak ditu». Uggasako ordezkariek bidaia hartan egindako lanari esker, Cyberdyne enpresak Goierri Garaian filial bat irekitzea erabaki du. Iberiar penintsulako lehenengoa izango da eta, ondo bidean, gehiago irekiko ditu. Urretxukoa guztien buru egongo da.
Enpresa honen kapitalaren %25 publikoa izango da eta egitasmoak aldundiaren eta Jaurlaritzaren babesa du. Aldundiak diru-laguntza emango du eta Jaurlaritzak Urretxun egingo diren aparatuak homologatuko ditu. Zabaletak etorkizunean Osakidetzak bere pazienteak Urretxuko errehabilitazio zentrora bidaltzea espero du.
Igandean, Josune Mendizabal eta Maite Lasa urretxuarrak Japoniara joango dira formazioa jasotzera. Mendizabal fisioterapeuta da eta Lasak UGLEren Ortoprotesika zikloa egin du. Gainera, Yoshiyuki Sankai Cyberdyne Inc. enpresako lehendakaria Goierri Garaira etorriko da datorren astean, filialaren sorreran lan egitera eta egitasmoa aurkeztera.
Sankai ostiralean helduko da. Robot bat ekarriko du eta errehabilitazio sistema honek nola funtzionatzen duen erakutsiko du. Labur-labur esanda, burmuinak robotari aginduak ematen dizkio eta honek gorputz-adarrak mugitzea lortzen du. Jardunaldia 12:00etan hasiko da. Ordu horretan ospitalera joango da Sankai eta erakustaldi bat egingo du. Ondoren, medikuen galderak erantzungo ditu.
Arratsaldean, 17:00etan, Japoniako enpresako presidentea UGLEko arduradunekin eta ikasleekin elkartuko da. Ondoren prentsaurreko bat emango du eta 19:00etan erakustaldi bat eskainiko du Urretxuko Labeaga aretoan. Ekitaldi hau herritarrei irekia izango da.
Zabaletak Urretxuko errehabilitazio zentroa urtarrilean irekitzea espero du. Bost urteren buruan 10-12 lanpostu sortzea ere espero dute. Uggasa arlo soziosanitarioarekin lotura duten beste negozio aukera batzuk ere aztertzen ari da. «Arlo honek indar handia hartu du gurean eta 2011tik hona enplegu gehien sortu duena da. Gainera, ospitalea eta profesional oso onak ditugu. Hori guztia aprobetxatu beharra dugu», dio Zabaletak.
The post Robotika enpresa japoniar batek filial bat irekiko du Urretxun appeared first on Otamotz.