Guillermo Prieto txirrindulari olaberriarra, munduko txapelketan
Guillermo Prieto txirrindulariak kiroleko kronika guztiak esamolde batekin bukatzen ditu: Argirantz etengabe pedalkada. Lanean izan zuen istripu larriaren ondorio fisikoak eta psikologikoak gainditzen laguntzen dio txirrindularitza egokituak. Oin bat galdu zuen, baina kirolaren terapiak mundu osoan ibiltzeko aukera eman dio. Azkena, Munduko Txapelketan. Abuztuaren 31n parte hartu zuen arloko proba garrantzitsuenean, lehenengo aldiz. Greenvillen (Hego Karolina, AEB), eta 20. postu merituzkoa lortu du.
Euskal Herriko, Espainiako eta Munduko Kopako bi lasterketetan maila onean ibili da aurten Prieto. Urrezko bukaera AEBetako Munduko Txapelketa zuen, eta «pozik» geratu da Greenvillen egindakoarekin. «Munduko txapelketa bat da, onenak han zeuden, eta 20. egitearekin gustura nago», dio olaberritarrak. Estreinako aldia izanda, «arrakastatsua» da emaitza.
Abuztuaren 22tik irailaren 3ra egonaldia egin du AEBetan. Lasterketa ofiziala abuztuaren azken egunean izan zuen, C4 mailan. 34 graduko beroa eta %70eko hezetasun itoa izan zituzten, Prietoren ezaugarrietarako desegokiak, oina hazi eta protesiak min eman ziolako. Ibilbide bati zortzi bira egin zizkioten, 81,6 kilometro guztira. «Karrera gogorra izan zen, erorketa askorekin. Ni ez nintzen jausi, baina jendea urduri zegoen», azaldu du Prietok.
Lasterketa erdira arte eutsi zion buruko erritmoari, baina 45. kilometroan faboritoek zuhaitza astindu, eta fruitu sasoikoenak bakarrik geratu ziren aurrean. Gasteizko Zuzenak taldeko txirrindulari goierritarrak —Espainiako selekzioarekin lehiatu zen, gonbidatuta— ezin izan zien etengabeko erasoei eutsi.
Denboraldia Larrainen bukatu
Italiako selekzioak nagusitasun handia erakutsi zuen. Michele Pittacolok irabazi zuen (1:54:24 ordu), hamalau iheskideko taldetxoa esprintean menderatuta. Sergey Pudov errusiarra eta Jiri Bouska txekiarra igo ziren podiumera, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Prietok itzuli berean sartzea lortu zuen, ez zuten lasterketa-burukoek atzetik harrapatu. 40 km/h-ko batazbestekoa ondu du. Hogeigarren postuan, 2:08:03 ordurekin, betetzat jo du olaberritarrak lehen Munduko Txapelketako eginbeharra.
Denboraldia hondarrera iritsi da, munduko lehiaketa handiena jokatuta. Prietok ere asteburu honetan itxiko du lehiako egutegia. Larunbatean, Larraga-Larraiñe zikloturista proba «gogorrean» parte hartuko du, Nafarroako Erronkari ibarrean.
«Txirrindularitza egokituan hazten joan da, 2009an ezbeharra izan zuenetik. Munduko Txapelketa garapen horren seinale da», esan du Zuzenak taldeak.
Lehiaketak bukatu ondoren, datorren urtean ere bide beretik segi nahi du olaberritarrak. Udazken-neguan mendiko bizikletarekin ibiliko naiz, 2015eko denboraldia prestatzen», aurreratu du.
Duela bost urteko istripuan oina galtzearekin hegoak moztu zizkiotela iruditu arren, txirrinduzaletasunak —afizionatuak arte lehiatu zen, gazteagotan— munduko hogei onenen artean sartzera eraman du. Ortzadar mailotaren koloreen argiaren bila AEBetaraino joanda, argitasuna ekarri du Prietok berekin.