Dantzarien topaleku
Liburu zaharretatik jasotako kontakizun eta leienda zantzuek ematen duten misterioz inguratuta, Igartzako ezpata-dantzaren edizio berri baten lekuko izango da Beasain bihar.
Ibilbide laburreko tradizioa izan arren, dagoeneko Igartzako Monumentu Multzoaren ikur bilakatu dela esan daiteke. Alkondara eta media txuriak soinean, praka beltzak eta gerriko, banda zein zapi gorria buruan dituztela, dantzariek hartuko dituzte ibaiaren bi ertzak; eta zubi zein burdinolako aldaparoaren gaina ondoren.
Beasaingo hiribilduak Igartzako jauntxoen eskubideak eskuratu zituela ospatzeko, ezpata-dantzari talde batek urtero udaletxetik Igartzarako bidea egiten zutela kontatzen da. Harrizko zubia zeharkatu eta Igartzako jaun edo andrearen mendeko ziren inguruak bere egingo zituzten, urtero, herritarrek jauntxoaren mendetik ihes egin eta herriaren askatasuna irudikatuz.
Kontakizunak kontakizun, udal artxiboko liburu zaharretan aurkitutakoak dira eztapata-dantzarien zantzu ziur bakarrak.
Garai berrietara egokituz
Historia liburu zaharretan duela 200 urteko lekukotasunak aurkitu ondoren 2007an berreskuratutako egitasmoa da Igartzako ezpatadantzarena; Beasaingo eta Goierri osoko dantzariak urtero elkartzeko aitzakia bikaina.
Goierriko hainbat herritako ohiko dantzak berreskuratzeko lanetan aritu izan da Mikel Sarriegi Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko kidea. Igartzako ezpatadantza berreskuratzen ere hasieratik buru belarri aritu denetako bat izan da bera.
Duela hamar urte, Aurtzaka dantza taldearen 25. urtemugan, herriko dantza historia aztertzeko udal artxiboetan murgilduta zebilela egin zuen topo Sarriegik Igartzako ezpatadantzari erreferentzia egiten zien idatziekin. 1828 urteko idatzi hartan Igartzako Burdinolara Fernando VII. Borboikoak egindako bisitaren berri ematen da. Hari ongietorria emateko udalak ezpata-dantzari talde bat biltzeko deia egin zuen, nola jantzi behar zuten ere zehaztuz. 30 gazte ataundar, zaldibitar eta beasaindar eztapa-dantzariak bildu ziren 1828ko artan. Sarriegik ikusi duenez «zaldibiarrak ziren orduan dantzari iaioak».
Ordurako Beasaingo Udala Igartzako Monumentu Multzoa berreskuratzen hasia zen. Beraz inguruko eraikinak berreskuratzearekin batera, ondare kulturalez jantzi zuten Igartzako ingurua.
Dantza maisuen atzetik
Idatzi zaharretan dantzarien jantzien gaineko xehetasunak eta egingo zuten ibilbidearen gaineko informazioa aurkitu zuten arren, dantza bera nola izango zen zehaztea kosta zitzaien gehien. «Lehen dantza pausuak nola ziren ez dago jasota, beraz dantza maisu zaharrenenganaino jo behar izan genuen informazio bila», dio Sarriegik. Ahalik eta testigantzarik zaharrenak jaso zituzten, modurik fidelenean erreproduzitzeko. Zantzu zaharrak jasota, formatu orokor edo estandarrarekin osatu zuten ezpatadantza.
Ibilbidea berriz hainbat hipotesi lotuz osatu zuten. Dantzariek udaletxean herriko bandera hartu eta herria zeharkatzea tradizio askotan jasoa dagoen ekintza da. Igartzan bertan egiten den ibilbideari dagokionez, badirudi, garai bateko nagusiek jabetza-aldaketa aldarrikatzeko erabiltzen zuten protokoloa irudikatzen duela. Igartzako buruak hil ondoren, jabetza eskuratzen zuen jaunak edo andreak etxe guztietara bisita egiten zuten jabe berria zela erakusteko. Folkorean aditu direnei kasu eginez gero, bestalde, «ibaialdeetan izurriteak uxatzeko burutzen ziren errituen zati bat litzateke gaur egun Igartzan erakusten dutena».
Kofradiakide berria
Igartzako Dantzarien Kofradia sortu zuten 2007an urtero ekitaldia antolatzeaz arduratzeko, bertan Beasaingo Aurtzaka eta Ostadar datza taldetako kideez gain, Goierriko beste hainbat herritakoak ere biltzen dira. Inoiz dantzan parte hartu duten dantzari eta musikari guztiek osatzen dute kofradia; 200 kide inguru ditu gaur egun.
Biharkoan inoizko ekitaldirik jendetsuena izango da. Ezpata-dantzarien segizioa bereziki luzea izango da, 70 dantzarik hartuko baitute parte. Buruzagia, zaldikoa, banderariak, dantzari azkendariak, Loinazko dantzari txiki eta musikariez gain, ezpata luzeko dantzariek lau ilarako segizio luzea osatuko dute.
Zalantzarik gabe Beasaingo eta Goierri osoko dantzarientzat festa egunerako aitzakia bikaina bihurtuko da Igartzakoa. «Egun honekin lortu dugu aurretik genuen asmo bat betetzea; dantzari haur, gazte zein helduak elkartuko garen erreferentziazko eguna izatea. Dantza zaharra berreskuratu, Igartza biziberritzeko ekitaldi berezia sortu eta, gainera, dantzarion topaleku bihurtu dugu Igartza», dio Sarriegik.
Aurtengoan kofradiakide berria izendatuko dute, Mattin erraldoia. Izan ere, aurtengo gonbidatu bereziak erraldoi-dantzariak izango dira. Beasainen erraldoi bikote berria aurkeztu zuten maiatzean: Jone, San Joan Esku-dantzako neskatxa dantzaria eta Mattin, Igartzako ezpata-dantzaria. Mattin erraldoiak Igartzako ezpata-dantzan hartuko du parte. «Berezia izango da erraldoia dantzan ikustea», dio Sarriegik.