Ormaiztegiko zubiaren 150 urteak ospatuko dituzte
Ormaiztegiko tren zubiak 150 urte bete ditu, eta herriko ikur nagusietako bat izanda, ekitaldi ugari antolatu dituzte Ormaiztegiko Udalak eta Zumalakarregi museoak elkarlanean, zubiaren urteurrena behar den moduan ospatzeko. Atzo aurkeztu zituzten urteurrenarako prestatutako ekintzak zubia bera atzean zutela.
Aurkezpenean, Aitor Iraeta, Ormaiztegiko kultura eta ingurumen zinegotzia; Lurdes Azpiazu, Zumalakarregi museoko arduraduna; eta Josemari Aleman, artista, izan ziren. Hain juxtu ere, Alemanen enTRENvistas pasaiajes ferroviarios erakusketak emango die hasiera urteurren ekintzei.
Alemanek 24 margolan egin ditu proiektu horretarako. Gaur, 19:00etan izango da erakusketaren inaugurazioa, eta Aleman bera ere hantxe izango da. Ondoren, bertaratuei modakutxoa eskainiko diete. Joateko asmoa dutenek aurrez jakinarazi behar dute Zumalakarregi museoan.
Erakusketa gaur hasiko bada ere, azarora arte egongo dira ikusgaiAlemanen lanak. Artistak berak adierazi duenez, «ilusio handiz» egindako proiektua da, zumarragarra izanik, ondo ezagutzen baititu zubia zein trenaren ibilbidea.
24 margolan akriliko horiek trenetik artistak ikusi duena islatzen dute. Artistak, kolorez beteta, trenbiden inguruan ohikoak diren elementuak eta eraikinak irudikatu ditu paisaietan, trenaren mugimenduak eragindako abiadura eta iragankortasuna islatuta.
Erakusketaz gain, asteburuan, beste hainbat ekintza ere izango dituzte, tren zubiarekin fermuki lotuak horiek ere, noski.
Hala, bihar, 11:00etatik 14:00etara tirolina luze bat jarriko dute zubi zaharretik berrirako tartean. Lau urtetik gorako edonork hartu ahal izango du parte. Iraetak Ormaiztegiko zein inguruko herrietako jendeari bertaratzeko deia egin die era horretako ekintzetan parte hartzeko aukera «ez» dela «egunero» izaten nabarmenduta.
Edonola ere, altuerak maite ez dituztenek ere izango dute biharko plana Ormaiztegin. Izan ere, 15:30etik 19:00etara gozo tailerra egingo dute; bertan, zubiaren formako pastel erraldoi bat egingo dute, eta ondoren, gerturatutakoen artean dastatuko dute. Tailerra zubiaren ondoko saskibaloi kantxetan egingo da
Ormaiztegiko zubia 1964an eraiki zuten Paris eta Madril lotzeko, eta egilea Alexander Lavalley ingeniaria izan zen . Trenbidea eraikitzeko zailtasun ugari izan zituzten; Zegamako tunela eta zubi hau izan ziren punturik zailenak, gainera.Halaber, eraiki zen azken zatia ere Ormaiztegiko zubia izan zen.