ArcelorMittal siderurgia multinazionalak Zumarragako lantegia
aldi baterako itxiko zuenaren berriak lurrikara sortu, eta egun gutxiren buruan
sindikatuek eta zuzendaritzak sinadura jarri zioten akordio bati.
Momentuz ez dute itxiko.
Belaunaldi jakin batetik aurrerako urretxuarrek zein zumarragarrek Esteban Orbegozo lantegiaren sirena hotsa buruan daukate oraindik. Txanda bakoitzaren irteerari lotzen zitzaion bi herriotako zoko guztietan barreiatzen zen sirenaren zarata. Esteban Orbegozoren urteak ahitu ziren eta behargin asko bidean geratu zen. Hiru mila langiletik gora izatetik egungo 375 langile ingurura pasa da lanpostu kopurua, zuzenean fabrikatik bizi den familia kopurua, alegia. Orain, Esteban Orbegozo zena ArcelorMittal altzairutegi multinazionalaren eskuetan dago. Dagoeneko sirenak ez du aldiro jotzen, baina azken asteotan lantegiaren dardara sentitu da Urretxun eta Zumarragan.
Abuztuko oporralditik irten berritan, Zumarragako siderurgia lantegia urrian aldi baterako itxiko zutenaren albisteak hautsak harrotu zituen bi herriotan. Kezka eta beldurra hamaika zalantzekin batera zabaldu ziren. Asko dira bertan lanean ari diren langileak, eta askoz gehiago zeharka lantegiarekin lotutako langileak. Areago, lantegiaren hariak bi herrietako ekonomia ehuntzen dute oraindik ere. Mertxe Cobos Bi-Tartean merkatari elkarteko lehendakariak aldi baterako itxieraren albistea «gogorra» izan zela dio, «merkataritza kaskar dabil oro har, eta lantegia itxiko balute egoera gehiago okertuko litzateke».
Momentuz itxiko ez dutenaren azken berria gustura entzun dute, hala ere, «mehatxua hor dago, eta hau ez bada beste bat».
Aldi baterako itxieraren asmoa bertan behera utzi du multinazionalak. Sindikatu gehienekin (CCOO, UGT, ELA) akordio bat sinatu du: enpresak lantegiaren produkzioa handituko du eta langileak beren lan txandak lautik bostera igotzeko prest agertu dira; beharbada, seigarren bat ezarriko dute Gabon partean. LAB akordio horretatik kanpo geratu da. Sindikatu abertzalearen ustez, «enpresak ez du inolako konpromisorik hartu itxieraren aukera ez duelako baztertu».
Aurreko astelehenean abian jarri zuten bosgarren txanda Zumarragako lantegian. Langileek enpresak jasotzen dituen eskarien araberako egutegiak izango dituzte.
Hala eta guztiz ere, mamua hor geratu denaren sentsazioa geratu da airean. ArcelorMittal erraldoiak epe labur, ertain edo luzean Zumarragako lantegia ez dela errentagarria erabakiko balu, ixteko aukera mahai gainean dagoela argi utzi du.
Esteban Orbegozok 1930ko hamarkadan Fumisteria del Norte Zumarragako trenbide ondoan kokatu zuenetik, lantegia familia askoren bizibidea izan da. Eraldatuz joan den arren, gaur gaurkoz Zumarragako lantegi handiena da, eta hura ixteko beldurra fabrika bera bezain handia da .
Matxerak, 30 urteetan zehar piezen moldeak eskuekin egiten
Matxera deitzen zieten produkzioaren lehenengo urratsean moldeak egiten zituzten emakumeei Esteban Orbegozo lantegian eta beste fabrika askotan. Urretxun eta Zumarragan ez dira gutxi urtetan lan hau bete zuten emakumeak. Siderurgian, orrazietan edo zumean, bi herritoako industrian emakume andanak lan egin zuen.
Aurreko mendeko 1940ko eta 1970ko hamarraldien artean emakume askoren eskuek forma eman zieten egurrezko moldeei Orbegozoren lantegian. Molde haiei harrak deitzen zieten, eta haiek oinarri egiten zituzten burnizko piezak.
Emakume beteranoenak hasierako urteak ondorengoak baino hobeak izan zirela diote, batik bat, lan baldintzei dagokienez. Urteen poderioz lana gordinagoa eta zikinagoa bihurtu zen. Orbegozon zenbat matxera aritu zen zehazki ez dago jakiterik; 150 inguru izango ziren.
«Multinazional baten kontrako borroka latzagoa da, harriek ez dute balio»
Antonio Molina (El Royo, Soria, 1933) trenez iritsi zen Zumarragara 20 bat urte zituenean. Alkorta eta Mendizabalen hasi zen lanean, eta ondoren Esteban Orbegozo lantegian aritu zen. Elkarrizketara paper batzuk eskuan iritsi da, sententzia baten fotokopia dakar, 1966an Orbegozo fabrikan jazotako lehenengotariko grebaren ondorioz kaleratutako langileari lotutako sententzia da. Urte hartan bertan bigarren greba bat egin zuten, irailean; haren ondorioz kaleratu zuten Molina.
Sindikatu eta alderdi politikoetan aritutakoa da, ezkertiartzat du bere burua, eta orain ArcelorMittalen –garai bateko Esteban Orbegozo– egoera nola ikusten duen azaldu du.
Zergatik aukeratu zenuen Zumarraga?
Sei anai-arreben artean nagusiena nintzen eta haurra nintzenetik etxean lagundu behar izan nuen derrigor. Amarekin baratzeetara joaten hasi nintzen haurra nintzela, 12 urterekin ganadua zaintzen nuen eta 15 bat urte nituela zerbitzari hasi nintzen aberats baten etxean. Bi urte egin nituen etxe hartan. Esklaboak bagina bezala hartzen gintuzten. Jarraian, nekazari lanetan ibili nintzen, baina lan hura oso txarra zen, esklabotzarekin zerikusi gehiegi zuen. Nik gisa hartako lanik ez nuela nahi ikasia nuen ordurako. Egun batean, Lasarten (Gipuzkoa) lanean ari zen bikote bat agertu zen herrian. Inguru honetan lan asko zegoela zioten. Orbegozo aipatu zidaten, eta 1951n Zumarragarako trena hartu nuen.
Garai hartan geltokian bertan lana eskaintzen zuenik bazegoen, ezta?
Bai, iritsi nintzenean geltokia gainezka zegoen. Meliton pentsioan ostatu hartu nuen eta biharamunean Alkorta Mendizabalera joan nintzen han jende bila ari zirela esan zidatelako. Hurrengo egunean lanean hasi nintzen. Tornu batean jarri ninduten, baina ni inoiz tornu bat ikusi gabe nengoen!
Orbegozon hasi zinen.
Bai, Esteban Orbegozoko sekzio batzuetan gehiago ordaintzen zuten. Alkorta Mendizabalen 340 pezeta ordaintzen zizkidaten astean, eta Orbegozon gehiago ordaintzen zutela jakin nuen. Piezak garbitzen zituzten sailean hasi nintzen, bertan hamalau hilabete egin nituen laurehun pezetatik gora kobratzen. Hala ere, lan hura arriskutsua zela ohartu nintzen. Maskara batekin sartu behar ginen eta aldiro azterketa medikua egiten ziguten Esteban Orbegozoren klinikan. Urtebeteren buruan eztarriko arazoak izan nituen eta beste lanpostu batean kokatu ninduten, Siemens labeetan, hain zuzen. Labeetara gustura asko joaten ginen han oso ondo ordaintzen zutelako, 1.200 pezeta inguru. Dena dela, urteko egun guztietan egiten genuen lan, labeak etenik gabe lanean ari zirelako.
Zerk eragin zuen 1966ko greba hura?
Garai hartan 3.000 lagun baino gehiagok egiten genuen lan Esteban Orbegozoren lantegian. 1966. urtean bi greba egon ziren eta hainbat langile kaleratuak izan ginen. Grebak lan baldintza bidegabeen kontrako protestak izan ziren.
Zer nolako lan baldintzak?
Sekzio asko zegoen: ikatz-sukaldeak, sukaldeentzako esmalteak, bi fundizio, osagarriak, galbanizatua eta hodien galbanizatua –burdin hoditerientzat–, besteak beste. Sailetik sailera soldaten arteko aldea nabaria zen, nabariegia. Arrisku handia zuten lan asko ere egiten zen, lan istripu asko egon zen, hildako asko; esate baterako, ijezketa edo laminazioan. Hainbat nagusiren jarrera ere salatzeko modukoa zen.
Zu zeu izan zinen kaleratutako bat.
Bai, eta harrezkero ezin izan nuen inguruko lantegi batean ere lanik aurkitu; poliziak ederki asko bete zuen bere lana.
Eta zein aterabide aurkitu zenuen?
Suitzara ihes egin nuen. Ordurako askotan eraman ninduten Martutenera –Donostiako kartzela– lantegiko protestetan nabarmentzeagatik.
Hori guztia bizi eta gero, nola ikusten duzu egungo Zumarragako ArcelorMittaleko egoera?
Multinazionalak lantegia aldi baterako itxiko duela esan izana presioa egiteko modu bat da. Langileei ordutegi malgutasuna eskatu die, eta hori izugarria iruditzen zait. Esklabotza garaira atzera egiten duen neurria da. Demagun zure txanda bete duzula 06:00etan hasita eta 14:00etara arte. Eskari bat sartu, eta edozein ordu dela ere deitu ahal dizute lantegira itzul zaitezen. Malgutasuna eskatu izana iruditzen zait kezkagarriena.
Irudikatu al dezakezu ArcelorMittalik gabeko Zumarraga bat?
Bai. Multinazionala kostua txikiagoa den tokira joango da arazorik gabe. Langileak beldurtuta egotea ulertzekoa dela uste dut. Gure garaian lagun batek zioen gu, besterik ezean, harriekin defendatuko ginela. Aitzitik, multinazional baten kontrako borroka latzagoa da, harriek ez dute balio.